‘Kortxoenea, irautea sortzea delako’ izenburupean, gaztetxeko kideek eraikinaren historia bilduko duen dokumental bat argitaratu nahi dute; proiektua aurrera eraman ahal izateko ekarpenak jasotzen ari dira, Karena plataformaren bitartez
Dokumentalaren filmaketaren une bat, Donostiako Piraten bozeramaileak elkarrizketatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hamar elkarrizketatik gora, argitaratu gabeko artxibo irudiak, egun gaztetxean garatzen diren proiektuak… Elementu horiek guztiak bildu dituzte Beñat Apalategik, Markel Ormazabalek eta Joseba Parronek Kortxoenea, irautea sortzea delako izena duen dokumentalean. Egunotan, proiektua posible egiteko crowdfunding kanpaina batean daude murgilduta.
Ikus-entzunezkoa aurretik plazaratutako bi lanen jarraipena da: 2005ean argitaratu zen Donostia 2 urtez okupatuz dokumentala eta Donostia 28 urtez okupatuz hiriko okupazio esperientziak biltzen dituen liburua.
Hiru garaien isla
Dokumentalak eraikinaren historia kontatzen du, eta egileek ikus-entzunezkoa hiru aldi nagusitan banatzea erabaki dute, modu kronologiko batean.
Hasieran, Indianoene kaleko kortxo eta txapa fabrika zen 50. hamarkadara eramaten ditu ikus-entzuleak. Lan gatazka ugari eman ziren bertan, eta fabrikako langile gehienak emakumeak izan ziren.
Ondoren, eraikina Zurriola ikastolak hartu zuen garaira egiten du jauzia dokumentalak. 1983an, ikastolak antzerki eskola bat antolatu zuen bertan, guraso eta irakasleen ekarpenari esker. «Auzolanean eraikitako proiektu bat izan zen, eta sorkuntza aldetik duen balio kulturala azpimarratzeko modukoa da», diote proiektuaren bultzatzaileek.
Azkenik, ikus-entzunezkoak gaztetxearen bost urteen historia azaltzen du, Kortxoeneatik pasa diren proiektu guztiak aurkeztuz. Baina ez hori bakarrik, «aukera ematen du ere zer izan daitekeen islatzeko, horrelako espazio batean zenbat gauza egin daitezkeen erakusteko».
«Balio eraldatzailea»
Horrekin lotuta, gune autogestionatuen inguruko hausnarketa ere planteatu nahi dute, gune horiek duten «balio eraldatzailea» nabarmenduz. Markel Ormazabalen esanetan, Kortxoeneak berak duen sormen kulturaletik harago, autogestioa balioan jarri nahi dute: «Autogestioaren praktikak Donostia bezalako hiri batean ikusgarri egin nahi ditugu, baita autogestioak hartzen duen garrantziaren inguruko gogoeta bultzatu ere. Elkarrizketa asko ikuspuntu horretatik egin ditugu».
Zirkoko jendea, zinemaldi alternatiboko antolatzaileak, dantza talde afrikarrekoak, Zarata gelako musikariak… Orotara, hamar elkarrizketatik gora filmatu dituzte eta, oraindik lanean ari diren arren, jada material ugari dute esku artean. «Elkarrizketa pila bat egin ditugu, eduki aldetik oso indartsuak direnak. Orduak eta orduak filmatu ditugu; ea nola ematen diogun forma, baina oraingoz oso gustura gaude lortutakoarekin», azaldu du Apalategik.
Elkarrizketa horiek modu desberdinetan egiten saiatu dira. Esate baterako, belaunaldi ezberdinen kontrastea irudikatzeko gaztetxearen okupazioaren uneko parte hartzaileak eta Kortxoeneako egungo kideak elkartu dituzte. «Sei lagun bildu genituen mahai baten bueltan, eta solasaldi hori filmatu genuen. Elkarrizketa hutsetatik harago, dokumentala berritzailea izatea nahi dugu», adierazi du Ormazabalek.
Joseba Parron ikus-entzunezkoaren alderdi teknikoan lanean ari da buru belarri, eta esperientzia oso aberasgarria izaten ari dela aitortu du: «Hasi ginenean ideia bat genuen, baina, informazioa biltzen joan garenean, hasierako asmo hori aldatzen joan gara. Hori da politena, dokumentalak berak zu zeu aberastea».
Elkarrizketez gain, artxibo irudiek eta egun gaztetxean egiten dituzten jardueren irudiek osatuko dute dokumentala: «Horrelako esperientziak ez dira hutsetik sortzen. Egungoa ezin da ulertu 90. hamarkadan egon ziren beste okupazioak kontuan hartu gabe. Oraindik argitaratu gabe dauden irudiak topatu ditugu: Ertzaintzak Euskal Herrian egin zuen lehenengo kaleratzea, adibidez. Donostian izan zen, Ategorrietako Toki Onena eraikin okupatuan».
Material nahikoa biltzen ari diren arren, herritarrei euren ekarpena egiteko deia zabaldu dute: «Donostiako okupazio mugimenduaren historiaren irudiak jasotzen ari gara, argazkiak eta bideoak. Material dezente dugu esku artean, baina, dokumentalean txertatzeaz gain, artxibo lan bat ere egin nahi dugu».
Hortaz, okupazio mugimenduari buruzko informazioa duen orok Kortxoeneara jo dezake, grosekoga@riseup.net helbide elektronikoaren bitartez.
Horren harira, eraikina fabrika zen garaiko materiala ere biltzen ari dira; beraz, «langile ohi batek parte hartu eta bere esperientzia kontatu nahi badu, gurekin harremanetan jartzeko aukera dauka».
Emakume batek gidatua
Eraikinaren historia off ahots batek gidatuko du eta emakume bat izango da kontakizuna garatuko duena. «Elkarrizketak egiterakoan parekidetasuna bermatzen ari gara, eta off ahotsa emakume batena izan behar zuela argi genuen, bereziki kortxo fabrikako langile asko emakumeak izan zirela jakinda».
Bada, Kontxita Beitia andereñoa izango da eraikinaren historia lehenengo pertsonan kontatuko duena. Espazioak berak gidari lanak egiteak arrazoi bat duela dio Ormazabalek: «Kapitalismoaren berrantolaketa globalaren barruan hiriek garrantzia hartu dute, eta horren barruan espazioek. Egun, borroka eta gatazka sozioekonomiko eta politiko guztien iturria espazioa da. Horregatik daude mehatxupean espazio autogestionatuak».
Horrenbestez, proiektua aurrera eraman ahal izateko, crowdfunding kanpaina bat abian jarri dute Karena plataformaren bidez, herritarrek euren ekarpena egin dezaten. «Jendea da Kortxoenea egiten duena. Hemen eraikin bat dago, espazio bat, baina eraikina hutsik dagoen bitartean horrek ez du inolako baliorik izango. Beraz, auzolana den crowdfunding-a gure filosofiarekin bat dator erabat, proiektu herritarra da», esan dute egileek.
Dokumentala egiteko oinarrizkoak diren zenbait gastu ordaintzeko 4.000 euro behar dituzte: filmaketa, edizio eta postprodukzio lanak egiten ari direnei lan hori ordainduko litzaieke, dokumentalaren kopiak egingo lituzkete, diru ekarpena egiteagatik eskaintzen dituzten sarien gastuak ordainduko lituzkete eta dokumentala Euskal Herri osoan zabaltzen saiatzeko ere erabiliko lukete. Hortik aurrera, egon litezkeen irabazi guztiak gaztetxearentzako izango lirateke. Egileen esanetan, «ekarpena egiten dutenek ez dute bakarrik Kortxoenea lagunduko, autogestioaren praktika oso bat babestuko dute».