Plan Orokorrean zehaztutako luxuzko 30 etxebizitzen plana aldatu du Udal Gobernuak.
Ricardo Burutaran Etxebizitzako zinegotziak aurkeztu du Uliako plan berria. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Ulia eta Ategorrieta eremuan etxebizitzak eraikitzeko Plan Orokorra aldatzea erabaki du Udal Gobernuak. Hala, Uliako Mintegietan luxuzko 30 etxebizitza libre eraiki ordez, babes ofizialeko 70 apartamentu egitea erabaki dute. Plan berria hil honetako udalbatzarrean onartu beharko dute, baina Etxebizitza eta Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranen esanetan, gainontzeko alderdiek alde egitea espero dute, aldaketa hori PSE-EEren babesarekin egin dutelako.
Burutaranek azaldu duenez, apartamentu horiek lortzeko lehentasuna izango dute gazteek, Etxegintzaren datuek diotenez gizartearen zati hori delako eskaera handiena egiten duena. Hala, 40-45m2 arteko apartamentuak egitea aurrikusi dute, logela bat, sukalde-jangela eta bainuarekin.
Lur arrasaren gainetik hiru solairu egin nahi dituzte Jose Elosegi kalera begiratzen duen aldean, lur arrasetik gora lau eta azpitik beste lau atzeko aldean. Lursail berean oinezkoentzat eta bizikletentzat bideak egiteko asmoa dute ere. Ziengotziak zehaztu duenez, Mintegietako azpieremuak 14.001 metro karratuko azalera dauka eta bertan 4.500 metro karratukoko ekipamendu aurreikuspena egin dute.
Oinezkoentzako parkea eta eraikin publikoa
Horrekin batera, eremuan parke handi bat sortzeko asmoa azaldu du Burutaranek. Gaur egun bi ur gordailu daude bertan, bata 1869. urtean eraikitakoa – Sorobordakoa, 3.275 metro karratu dituena- eta bestea 1899koa – Buscandokoa, 4.341,53 metro karratu dituena-. Egun ez dira erabiltzen, eta PEPPUCek F mailarekin babesten ditu, eta egoera onean daude. Hain zuzen ere, Plan Orokorrak gordailuei balioa ematea eta biziberritzearekin bateragarriak diren ekipamendu komunitarioak ezartzeko aukera aurreikusten duela adierazi du zinegotziak, eta tartean eraikin publiko bat eraikitzeko auketa aipatu du, hala nola museo bat.
Hau da Uliako plan berriaren planoa. (Argazkia: Donostiako Udala)