Uliako Lore Baratzak proiektua aurkeztuko dute gaur Kaxildan
Igandean, auzo elkartearen 40. urtemugaren harira, jaialdi bat egingo dute Uliako udal mintegietan
2007an Uliako udal mintegiak itxi zirenetik, auzotarrek parke publiko bihurtzeko eskatu dute. Duela bi urte Uliako Lore Baratzak proiektua aurkeztu zuten eta azkenean, proiektu hau aurrera eramateko baimena lortu dute. Hiri nekazaritza bultzatuko dute, auzo konpost gunea izango da bertan eta lursail hori denon artean kudeatzea lortu nahi dute. IRUTXULOKO HITZAk Uliako Auzo Elkarteko kideekin hitz egin du, eta gai honi buruzko elkarrizketa argitaratuko du bihar.
Gaur, osteguna, Amarako Kaxilda liburu dendan izango dira (19:00), proiektuaren berri emateko, eta uliako udal mintegiez hitz egiteko. Gainera, Uliako Auzo Elkarteak 40 urte bete ditu aurten, eta ospakizun gisa jaialdi bat egingo dute igandean. Udal mintegietako ateak ireki eta egun osoko festa egingo dute.