Dantzaz konpainiako gazteek koreografia batzuk landuko dituzte Egiako kaleetan Amancio Gonzalez koreografoarekin batera.
Dantzaz konpainiako gazteak. (Argazkia: Pello Mujika)
Begiari entzun izeneko proiektu koreografiko bat onduko dute aste honetan Egian. Esperimentu moduko bat izango da, dantza gure eguneroko bizitzaren pare kokatzeko saiakera egiten duen esperimentu bat. Kalean, dendetan…
Dantzaz konpainiako dantzari gazteak auzotarrekin harremanetan jarriko dira. Betiko mugimendu eta jarrerak abiapuntu hartuta, dantza herritarrengana gerturatuko dute. Forsythe konpainiako Amancio Gonzalez koreografoarekin batera ariko dira kalean lanean. Jone San Martin donostiarrak eta Mikel Nietok ere kolaboratu dute proiektu honetan.
Egunotan, beraz, dantzak Egiako kaleak hartuko ditu aste honetan.
3.0 Dantzategiaren bidez Dantzaz Konpainiak eta Donostia Kulturak bat egin dute egitasmo hau aurrera ateratzeko. Auzoari lotutako proiektua izango da. Izan ere, Egiako Kultur Etxea arte eszenikoen sustapen lanagatik nabarmendu da, eta bereziki dantza eta mugimenduaren arteak landu ditu. Dantza programazioan erreferente bihurtu da hirian, baita sormen koreografikoa babesten eta sustatzen ere. Dantzaz Konpainiak berak egoitza bertan izan zuen garai batean.
Asteazken eta ostegunean entsegu irekiak egingo dituzte Karmengo Amaren kalean. Ostiral arratsaldean, Egiako pintxo potearekin bat eginez, Le Bukowski, La Estrella eta Garraxi tabernetan izango dira 19:30ak eta 20:30ak bitartean. Larunbatean, 12:30ean, performance bat egingo dute Mandasko Dukearen hiribidean.