Lasterketaren antolatzaile nagusi izateari utzi dio Jon Jakak, eta orain ikusteko dago norbaitek lekukoa hartuko duen ala ez. Egiatarra omendu dute korrikalariek.
Jon Jaka omendu zuten. (Argazkia: Lide Ferreira)
Sudur Krosak Egiako parkea hartu zuen larunbatean, seigarren urtez. Haur eta helduen lasterketetan ia 400 korrikalari aritu ziren, eguraldia etsai izan arren. Zalantzarik gabe, lasteketak leku bat egin du korrikalarien egutegian.
Hala ere, lasterketaren etorkizuna kolokan dago. Jon Jaka izan da hasieratik lasterketaren antolatzaile nagusia, bihotza; bere esku egon da ia ardura guztia, eta lan hori uztea erabaki du, nekeak jota, ilusioa falta ez zaion arren. Plaza Haundin egindako sari banaketan eman zuen albistearen berri, bertso baten bitartez, eta, ezustean, korrikalari eta lagunen omenaldia jaso zuen.
Txapela jantzi zioten Jakari, egin duen lan guztia eskertzeko. Omenaldi ederrena, baina, norbaitek lasterketaren ardura hartu eta hurrengo ekitaldia prestatzen hastea litzateke.
Hunkigarria izan zen larunbatekoa; eta handik ordu gutxira gertatutakoa, are eta hunkigarriagoa. Jakaren amona zendu zen biharamunean, eta sudur krosaren seigarren ekitaldia amonari berari eskaintzea erabaki zuen antolakuntzak.
Imanol Gonzalez, garaile
Kirol arloari dagokionez, helduen proban 181 korrikalarik hartu zuten parte; 57 emakumek, tartean. Iaz 200dik gora aritu ziren, baina aurtengoan, aurreko egunetako izena ematea erritmo onean zebilen arren, eguraldi iragarpenak iazko kopurua ez gainditzea ekarri zuen. Hala ere, korrikalari asko bildu ziren larunbatean, herri lasterketa xume bat izanik.
Imanol Gonzalez altzatarra izan zen azkarrena, 20 minutu eta 23 segundoko denborarekin. Raul Gomez lasartearrak bigarren postuan bukatu zuen, iaz baino postu bat gorago. Gonzalez seigarren izan zen 2014an, baina gorantz egin duela erakutsi zuen: 40 segundo gutxiago behar izan zituen ibilbidea betetzeko, iaz egindakoarekin alderatuta. Jon Arzubialde antiguatarrak osatu zuen podiuma. Emakumeei dagokienez, Claudia Behobide hondarribiarrak irabazi zuen, 24 minutu eta 16 segundorekin, Begoña Julian eta Ana Cruzen aurretik.
Haurren lasterketan denak izan ziren garaile; parte hartu zuten 200 gaztetxoak, alegia.