Azken zortzi urteetan udalean lan egin du, PPko zinegotziekin orpoz orpo, aholkulari gisa; datozen hauteskundeetan, ordea, bera da alderdiko zerrendaburua, Ramon Gomezen lekukoa hartuz.
Miren Albistur; PP-ko alkategaia
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Ideia garbiko emakumea da Miren Albistur (Amara, 1975). Soziologoa ikasketaz, euskalduna, ezkondua, eta hiru semeren ama. Hiriari politika egiteko beste era bat ekarri nahi dio: «Azken lau urtean hiriak oso erritmo motela eraman duela uste dut».
Alkategai ezezagunena zara. Nola aurkeztuko zenuke zure burua?
Donostiarra naiz, 39 urte ditut, ezkondua nago eta hiru seme ditut, 9, 8 eta 5 urtekoak. Donostiarrentzat hautagai berria naiz, baina zortzi urte daramatzat udaletxean lanean, PPren aholkularia izan bainaiz. Hori kontuan izanda, udaletxean aztertu diren eta eztabaidatu diren gaiak ezagutzen ditut. PPko zinegotziekin batera egon naiz gai bakoitzaren aurrean hartu beharreko jarrera erabakitzen. Donostiarra naizelako, Donostian bizi naizelako eta Donostia maite dudalako, hiria ezagutzen dut, noski, baina orain aukera bat dut. PPn aldaketa bat egon da, eta nik ikusten dut politika beste modu batera egin behar dugula. Gogoko dut pertsonekin lan egitea, denetariko pertsonekin egon izan naiz eta nire ingurukoak ez dira PPkoak. Daukadan izakerarekin eta lan talde on batekin, donostiarrentzat lan bikain bat egin dezakedala uste dut.
Orain arte Ramon Gomez izan da PPko bozeramailea udalean. Aldaketa handia izango da?
PPk proiektu bat defendatu izan du Donostia merezi duen lekuan jartzeko, eta orain ez dugu gauza arrarorik egingo. Azkenean, pertsonak gara politika egiten dugunak eta politika egiteko era aldatuko da, ordezkaria aldatu dugulako. Guk beti defendatu dugu Donostia munduan jarri behar dugula, eta horretarako harremanak estutu behar ditugu gainontzeko erakundeekin; foru aldundiarekin, Espainiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Europarekin.
Momentu honetan udala osatzen duzuen alderdietako alkategaien artean, zu zara emakume bakarra.
Niri hori ez zait axola, emakumeekin eta gizonekin ongi moldatzen naiz. Argi dago arreta deitzen duela emakume bakarra izateak, baina ohituta nago gizonen artean. Nire etxean ere egunero hiru mutiltxo eta gizon batekin iritsi behar naiz akordioetara. Alderdi batzuek diote emakumeen aldeko politika sustatzen dutela, eta gero ardura daramatenak gizonak dira.
Gainera, PPko alkategaia izanik, euskalduna zara, eta hori ez da ohikoena izaten.
Miren Albistur Garmendia izatea eta euskalduna, ona dela uste dut. Hori gertatzen ari da, eta nire atzetik datozen gazteak euskaldunak izango dira. Eguneroko gauzak politizatu izan ditugu, zein izen duzun, non ikasi duzun… horrek guztiak etiketak eman izan dizkigu eta nik ez ditut gogoko. Badirudi Miren Albistur izena izateagatik abertzalea izan behar zarela, eta ez da horrela. Gure gizartea anitza da, eta hori ona da, indarra ematen digu.
Euskararen Plan Orokorra aurkeztu berri du udalak. Zein iritzi duzu?
Ez dut plana aztertzeko denborarik izan, baina badakit milioi bat euro baino gehiagoko diru partida bat bideratuko dutela euskara sustatzeko. Bilduk garrantzia asko eman dio euskarari legegintzaldiaren hasieratik; nire ustez ezin da hiriaren neurri nagusia izan. Euskara Donostiako hizkuntza bat da, baina gaztelania ere bai, eta oreka bat izan behar duela uste dut. Nik Ekintza ikastolan ikasi nuen, eta soziologiako lehen maila euskaraz egin nuen, baina gero, hizkuntza bat ez baduzu erabiltzen, ahaztu egiten duzu. Euskaltegira itzuli nintzen duela lau urte eta saiatzen ari naiz, euskararen alde nagoelako.
Badira hirian aspaldian hizpide dituzuen proiektu batzuk: Anoetaren handitzea, autobus geltokiaren lanak, Arte Ederretako eraikina eta Bretxaren erabilera, besteak beste. Zein irtenbide dute?
Anoetako birmoldatzearen alde gaude, eta gainera, udalak ez du dirurik jarri beharko. Hiriarentzat ona da, ez dugu futbola bakarrik bezala ikusi behar; Realak jende asko erakartzen baitu, eta ekonomikoki hiriarentzat ona baita. Gainera, gipuzkoarrok batzen gaituen zerbait da Reala, eta hori luxu bat da. Autobus geltokiari dagokionean, aurten bukatuko dutela esan dute, baina zirkulazioari dagokion aldaketa batzuk egin behar dira; inguruko errepideak, taxiak… dena ondo eta denen artean adostu behar dugu. Arte Ederren eraikinari babes maila bat eman dio Jaurlaritzak eta ezin da bota, orain ongi aztertu eta bere erabilpena erabaki behar dugu denen artean. Zazpi hilabete falta dira Donostia Europako kultur hiriburua izateko, eta ez du denborarik ematen eraikina bideratzeko, baina hiriburutzak oinordetza bat utzi behar du, eta erabakia hartu behar da lehenbailehen abian jartzeko. Bretxarena… egia da Parte Zaharrak eta Erdialdeak osasun etxe bat behar dutela, baina gobernuak Osakidetzari egin dion proposamena ez dugu gogoko. Bretxa merkataritza gune bat da; egia da orain arteko kudeaketa ez dela egokia izan, baina ez dugu uste hor osasun etxe bat egin behar denik. Gai honetan Bildu ez da gardena izan informazioa emateko garaian.
Auzoetan badira beste arazo batzuk ere, Loiolako Euskotreneko lanak, Martutene eta Txomin Eneako uholdeak edo Aieteko osasun etxea.
Adibideak dira nola Eusko Jaurlaritzak Donostia baztertua uzten duen; Bilbora dirua beti garaiz iristen da. Hiru arazoek erakundeen arteko elkarlanerako arazoa erakusten dute. Loiolako geltokiaren kontuak erakusten du gorbernuak aldatzen direnean agintzen duen alderdiaren arabera proiektu batzuk baztertu egiten direla. Ezin dira lanak hainbeste luzatu, inguru horretan proiektu gehiago egin nahi ditu udalak. Uholdeen arazoari aurre egiteko proiektua orain abian jarri da, hogei urte eta gero. Auzotarrak nazkatuta daude, eta ulertzen dut.
Igeldoren auzia nola ikusten duzu?
Aldundiak dekretu bat atera zuen Igeldo independente bihurtzeko, guri informaziorik eman gabe; eta azkenean bertan behera uztea lortu zuen udalbatzarrak. Orain, barrutien araudia onartu dugu, eta hor aztertu dezakegu Igeldoren kontua nola molda daitekeen.
Etxebizitza eta langabeziaren kontuak ez dira hobetzen.
Babes ofizialeko alokairuzko etxebizitzak bultzatu behar ditugu. Langabeziari dagokionean, gazteak oso ongi prestatuak daude eta atzerrira ateratzea ona da, baina itzuli nahi dutenek aukera izan behar dute hirian. Gure aukerak bultzatu behar ditugu, zerbitzuak, ikerkuntza, ostalaritza…
Zergatik bozkatu behar diote donostiarrek PPri?
Hiria eta udala ezagutzen ditudalako, eta politika desberdin bat egiteko gai naizelako. Besteen eredua ikusi dugu, eta zaharkitua geratu da. Ni berria naiz eta desberdintasun hori jada nabaritu da. Alkatea izango banintz, proiektuak bultzatuko nituzke denon artean, siglen gainetik.