Lau talde donostiarrek kontzertuak eskainiko dituzte Kutxa Kultur Festibalean
Tokiko taldeen aukeraketaren berri eman dute jaialdiaren antolatzaileek
Kutxa Kultur Festibalerako tokiko musika taldeak: Eraul, Pet Fennec, The young wait, Albert Cavallier, Ghost number & his tipsy gypsies eta Los Bracco. Talde horiek guztiek Igeldoko jaialdian zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte irailean, baita oraindik argitu ez duten beste data batean ere. Hautatu dituzten sei taldeen artean, lau donostiarrak dira. Horretaz gain, doako ikastaroak jasoko dituzte; lau egunez espazio bat izango dute euren eskura beharrezko material guztiarekin, entseatzeko, grabaketarako edo bideoklip bat egiteko; komunikazio kanpaina baterako aurkezpen gisako ikus-entzunezko bat grabatuko diete; eta gutxienez emango dituzten bi kontzertuengatik 1.000 euroko ordainsari bat jasoko dute.
‘Kutxa Kultur Tabakalerara gerturatzen’ da aurtengo lehiaketaren azpi izena. Izan ere, datorren urtean jada Tabakaleran egingo dituzte egonaldiak taldeek. Bien bitartean erabakitzeke dago non bilduko diren aurtengo irabazleak. Edonola, bakoitzaren beharretara egokitzen saiatuko direla aipatu dute.
Guztira, 45 talde aurkeztu dira lehiaketara, sekula baino gehiago.
Eraul: Asier Beramendi donostiarraren izen artistikoa da. 24 urte ditu eta euskaraz eta ingelesez abesten du. Bakarlari gisa hasi den arren, talde bat osatu nahi du.
Pet Fennec: Londresen sortu zen taldea 2011n; hasieran, Civil Love izena zuen. Urko Eizmendik bultzatutako proiektua da. 1960 eta 1970 hamarkadetako pop melodien eragina du.
The young wait: Fer Garcia eta Chip Kilpatrick dire taldearen erdigunea. Euskal Herriaren eta Alabamaren arteko lotura bultzatzen dute, bi taldekideen jatorrikzko herrialdeak, hain zuzen ere.
Albert Cavallier: Lau gazte donostiarrek osatzen dute taldea, eta rock bizia egiten dute. Duela urtebete hasi ziren kontzertuak ematen.
Ghost number & his tipsy gypsies: Talde donostiarra da eta sei lagunek osatzen dute. Iazko urrian hasi ziren kontzertuak ematen. Arduradunen hitzetan, proposamen “originalena” eta “arriskatuena” da.
Los Bracco: Rock melodikoa eta dantzagarria egiten duen talde donostiarra da. Grosen sortu zuten 2013an bost lagunek.
Aukeratu dituzte jada