Itxaropentsu dago Eneko Goia, baina zuhurtziaz aztertu ditu inkestek ekarritako emaitzak. Bigarren aldiz aurkeztuko da alkategai gisa udal hauteskundeetan.
Eneko Goia EAJko alkategaia. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Eneko Goia (Amara, 1971), EHUn Zuzenbidean ikasketak egina eta hiru seme-alabaren aita, bigarren aldiz aurkeztuko da Donostiako alkatetzarako hauteskundeetara. Azken lau urteetan udala noraezean ibili dela dio.
Bigarrenez izango zara alkategai; zer eskaini dezake gaur egun Eneko Goiak?
Gure programa ez da gehiegi aldatu, proiektua zabaldu egin dugu, baina funtsean antzekoa da. Galdera hau egiten diogu gure buruari: zertaz biziko da Donostia? Eta horri erantzuteko, hiriko indarguneak identifikatu eta haien aldeko apustua egin nahi dugu. Hiri honek ingurune industrialarekin lotura hobeak eduki ditzake.
Lau urte igaro dira Odon Elorzaren agintaldia amaitu zenetik; nola dago hiria orain?
Hiriak krisi ekonomiko bat sufritu du, eta hori arlo guztietan nabaritu da; bizitza kalitatea okertu egin da. Hala ere, udala ez da gai izan aldaketa bat egiteko, noraezean egon da. Oso legegintzaldi konplikatua izan da, baina Bilduk noraeza estrategiko bat izan duela uste dut; zalantzak sortzen dituzten jarrerak izan dituzte. Orokorrean, lau urte nahiko lauak izan dira; aurretik gainbeheran gentozen, eta udala ez da gai izan hiri proiektu baten baitan bere ekarpena egiteko.
Eusko Jaurlaritzaren inkesta batek EAJ alderdi bozkatuena izango dela iragarri du; hala bada, zer aldatuko duzue?
Inkestak pintzekin hartzen ditut, baina egia da animatzen zaituela, lehian zaudela eta aukera duzula ikustarazten dizu. Nik uste dut onartu behar dugula hiri hau anitza dela; horregatik, irekitzeko esfortzu bat egin behar dela uste dut, une honetan egin ez dena.
Euskararen Plan Orokorra aurkeztu du udalak; ados al dago zure alderdia?
Euskararen alorrean Miren Azkarate da nire laguntzaile pribilejiatua. Nire konfiantza guztia dauka; berak plana ikusi eta osatzen parte hartu du, eta, beraz, gure balorazioa baikorra da. Gure alderdiak kezka berezia du gazteenengan; hizkuntza errekurtsoak sortu beharko genituzke, askotan beste hizkuntzetara jo behar izaten dutelako. Eta gurasoen kasuan, gauza bitxi bat gertatu da; semeek badakite euskaraz, baina guraso askok ez, eta ondorioz, etxean ez da euskara erabiltzen. Azkenik, euskarari prestigioa eman behar diogu.
Hirian kezka sortzen duten gaiak langabezia eta etxebizitza dira; zer proposatzen duzue horiei aurre egiteko?
Langabeziaren arazoari erantzuteko zertaz biziko garen, zertan garen lehiakor galdetu behar diogu gure buruari, eta ondoren jarduera horiek sustatu. Diru laguntzek muga batzuk dituzte, baina ez dira nahikoak. Bi dira lan egiteko ardatz nagusiak: alde batetik, gazteak; laguntza behar dute erakundeen aldetik. Bestetik, bereziki kezkatzen gaituzte 45 urtetik gorako langabeak; haiekin formakuntzan esfortzu berezia egin behar da. Etxebizitzan, aldiz, alokairua sustatu behar du udalak; Donostia ez da gaizki ibili horretan. Txomin Enea da gakoa, eta hori bai ala bai aurrera atera dadin egingo dugu lan. Ulian ere gazteentzat apartamentuak egiteko proposamena babestuko dugu.
Beste gai batzuk ere denen ahotan dabiltza, esaterako, Bretxa, Anoeta, Donostia 2016… Zer kezkatzen dio zure alderdiari?
Donostia 2016ren inguruan aukera ez baliatzea kezkatzen gaitu; 2016ko urtarrilaren 1ean oihala altxatuko dute, eta ezin gara biluzik egon. Programa zehaztu, babesleak lortu eta daukagun denbora dakagula aprobetxatu behar dugu, eztabaida antzuak alde batera utzita. Bestalde, Bretxan, osasun etxea egitearekin ados geundeke, baina une honetan, kontzesioa duenarekin gauzak ez badira konpontzen, auziek arazoa luzatu eta areagotu dezakete. Eta Anoetaren inguruan, desiragarria da azpiegitura horren birmoldaketa, baina ez dut uste udalak diru asko sartu behar duenik; inplikatu beharko litzateke, baina baita Aldundia ere.
Eta Jaurlaritzak? Donostian gehiago inbertitu beharko luke?
Anoetaren kasuan, Jaurlaritzak indarrean dagoen eskaintza bat dauka eginda, eskatzen zenaren araberakoa. Ez zaie inguruko hiriei begiratu behar, argi eduki behar dugu zer den egin nahi duguna, eta horren arabera laguntza eskatu. Gure alderdia ikustarazten saiatu da zer diren Donostian inportanteak diren proiektuak.
IdeiaGunean herritarren proposamenak jaso dituzue post-it-etan. Zergatik horrela?
Post-itak sinbolo bat dira, jendearengana modu erraz eta zuzenean iristeko. Hiritarrek urruti ikusten gaituzte, eta hiritarrekiko distantzia apurtzen saiatu gara. Aitzaki horren bitartez, jendea lasaitasunez hitz egitera animatzea lortu dugu. Ondoren proposamenak interneten eskegi ditugu.
Auzoak barrutietan banatzeko asmoa al du EAJk?
Auzoekin harremanak mantentzea ezinbestekoa da, eta zonalde batzuk erantzun zehatzak eskatzen dituzte. Guk uste dugu ona dela legediak eskaintzen dituen tresnak erabiltzea. Horregatik, hiriaren ekialdean dauden arazoei erantzuteko barrutiena ondo iruditzen zaigu. Ez dugu hiri guztia barrutietan banatzea nahi, baina ekialdekoa martxan jartzeko adostasuna lortu dugu, gainontzeko barrutien eztabaida etorkizunerako utzita.
Eta Igeldon, zer konponbide proposatzen duzue?
Beste errealitateek bestelako erantzunak behar dituzte; Igeldoren kasuan, auzo udal bilakatzea proposatzen dugu. Igeldoko herri kontseiluarekin hitz egin dugu, eta epaia ez bada aldekoa, gure proposamena entzuteko prest daude. Gure programan honakoa zehaztu dugu: jar dezagun martxan hori, eta lau urtera, bertakoei galdeketa egiteko konpromisoa hartzen dugu.
Zergatik bozkatu behar diote donostiarrek EAJri?
Etorkizunari begira hiriarentzat aukerarik onena delako. Donostiak egin behar dituen apustuak udaletxetik laguntzeko prest gaude.