Hiriaren harrotasuna berreskuratzeko helburuarekin aukeztuko da Ernesto Gasco udal hauteskundeetara; Donostia kosmopolita bihurtuko du, Europako hiriburuen pareko.
Ernesto Gasco, PSE-EEko alkategaia. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Ernesto Gasco (Amara Zaharra, 1963) Geografian eta Historian lizentziatua da. Euskaraz ez dakien hautagaia izan arren, ez du uste horrek kalte egingo dionik. Hiriaren harrotasuna berreskuratu nahi du.
Lau urte igaro dira Bilduk hauteskundeak irabazi zituenetik; nola ikusten duzu hiria?
Hiriari arima eta erritmoa falta zaizkio. Donostia ez da hiri handia, baina Europako hiriburuekin lehiatzeko nahia izan du betidanik. Hiri irekia eta kosmopolita izan da, baina azken lau urtetan hori guztia gelditu, eta harremanak eten egin dira. Hori ez da ona; Donostiak bere harrotasuna galdu du.
Zer eskaini nahi dio Ernesto Gascok Donostiari?
Harrotasun hori berreskuratu nahi dut. Donostia gure lehentasuna da, baina garrantzitsua da inguruko hiriburuei begiratzea ere, eta baita hiria gaurkotzea, kaleak txukunduz, garbituz… lana sustatu, turismoa zaindu, eta orokorrean bizi kalitatea hobetzea da nire helburua.
Alkatetzan soilik zortzi urtez luzatuko zarela esan duzu; Odon Elorza gehiegi egon zen?
Norberak politika ulertzeko modu bat du, eta Elorzari bozkatu egin ziotelako izan zen alkate horrenbeste denbora. Dena den, politikan garai berri bat datorrela uste dut, eta beraz, zortzi urterekin nahikoa dela iruditzen zait, dagoena dagoela. Aldaketak onak direla sinetsita nago.
Langabezia denen ahotan dago; nola sustatuko duzue ekonomia?
Oso kezkatuta nago, hiriak dinamismo ekonomikoaren falta izugarria duelako. Donostiak enpresa kopuru zabala dauka, eta lanpostuen %90 zerbitzuetara daude lotuta. Horrek esan nahi du merkataritzan eta ostalaritzan inbertitu behar dugula. Nik Modaren Kluster bat sortzea proposatzen dut, alor horretan hazteko aukera nabarmena ikusten baitut. Horrela, arropa eta zapata merkatal guneak batzeko aukera izango genuke, eta baita sortzaile berriei bultzada emateko ere. Gainera, lanbide heziketa bultzatu eta emakumeen lanpostuak sustatuko genituzte. Bestalde, hiri honek ez die behar bezalako garrantzia eman campusei; Donostia Unibertsitatearen Hiria izatea gustatuko litzaidake. Azkenik, turismoari behar bezala laguntzeko, Turismo Kontseilua sortuko nuke, turismo gastronomikoarekin batera, kirola eta zientziari lotutako proiektuak sustatzeko. Azken finean, munduko pertsona aberatsenetako bat den Amancio Ortegak hirian bere merkatal gune garrantzitsuenak baditu, hiri hau enpresaritza bultzatzeko bikaina dela esan nahi du horrek.
Eta zer konponbide eskaintzen dituzue etxebizitzak lortzeko?
Tamalez, 11.000 dira dagoeneko hirian jasotako etxebizitza eskaerak, eta horietatik %70 gazteek egiten dituzte. Ez dugu uste gehiago eraiki behar denik, baina badira babestu nahi ditugun proiektuak, esate baterako, Txomin Enea. Dena den, proiektu hori hainbat urte barru amaituko da, eta jende askok berehalako erantzuna behar du. Beraz, beste proiektu batzuk ere bultzatu behar dira. Ategorrietan, esate baterako, apartamentu komunitarioak egingo dituzte. Guk helduei ere eskaintzea proposatzen dugu, adibidez, Amara kalean, integratu daitezen. Añorgan ere horrelako proiektua proposatzen dut, eta baita Altzan ere.
PSE-EEk nola landuko lituzke Donostia 2016 eta Bretxaren gaiak?
Donostia 2016ekin gertatzen ari dena pena bat da. Bildu eta EAJren arteko adostasunaren porrota da, ez dute ados jartzea lortu. Hori gutxi balitz, guri ez gaituzte kontuan hartu, eta ez dute lortu hiritarrei irekitzea. Proiektua guztiona izan behar du, eta alkatetza lortzen badut, ordezkapena anitza izango da, proiektu horrek ezin duelako porrot egin. Bestalde, Bretxan zeuden arazoak konpondu ordez, berriak sortu ditu gobernu honek. Gure aldetik konponbideak bilatzen saiatu gara, baina Bilduk inposaketa erabili du. Gure ustez, Parte Zaharrak daukan bizitza eta mugimenduarekin, ez du zentzurik esatea Bretxako merkataritzak ez duela etorkizunik. Zoritxarrez, Bilduren loby politiko baten aurrean gaude, eta eraikin horrek 300 lanpostu inguru sortzen dituen arren, ez dute uste hori denik hiriaren lehentasunetako bat.
Zure proiektu izarra Donostialdeko Metroa da; aurrera jarraitzeko asmoa duzu?
Proiektu hori ia bakarrik planteatu nuen arren, gaur egun babes asko lortu ditut, eta hori aurrera aterako delako pozik nago. Proiektu hori dagoeneko errealitate bat da Intxaurrondoko geltokiari esker, eta datorren urtean Altzako geltokiaren obrak hasiko dituzte. Hain zuzen ere, Lehendakariak duela gutxi argazkia atera zuen bertan; horrek esan nahi du Eusko Jaurlaritzak ere ulertu duela proiektu horrek garrantzia duela, ez bakarrik Donostiarentzat, baita Gipuzkoako herrientzat ere, sare bat sortuko duelako herrien eta hiriburuaren artean.
Euskararen Plan Orokorra aurkeztu berri dute; zer deritzozu?
Ez gaitu erabat konbentzitzen; euskara mimatu behar den altxorra da, baina arrakasta eduki dezan seduzitu egin behar du. Bilduk ez du hori lortu.
Euskaraz ez dakien hautagaia izanik, eragin ezkorra eduki dezake zuretzat?
Kontuan izanda hiritarren %60k ez duela euskaraz egiten, logika aplikatuta, nik eduki beharko nituzke irabazteko aukera gehien. Dena den, gure alderdiak konpromiso irmoa dauka euskara babesteko. Egia da nik ez dakidala, baina hizkuntzak ikasteko zailtasun handiak izan ditut beti; dena den, nire lan taldean euskal hiztun apartak daude.
Zergatik ez dituze gobernuaren aurrekontuak onartu?
2012an onartu genituen, besteak beste, gure alderdiaren 70 proposamen bertan sartu zirelako, baina ondoren ez dute bakar bat ere bete. Tamalez, alkateak bi aurpegi ditu, eta bere alderdiak engainatu egin gintuen; nola onatuko ditugu berriz?
Zer konponbide emango zenioke Igeldori?
Auzo udala da gure ustez irtenbide onena, argi dagoelako bertan badagoela izaera berezi bat; dena den, Donostiako argazkiaren barruan ikusten dugu Igeldo, eta ez kanpoan. Ziur gaude bertako bizilagun askok ere Donostian kokatzen dutela bere burua. Orokorrean, auzoetako arazoak kudeatzeko barrutiak ideia ona iruditzen zaigu, horrek eguneroko arazoak konpontzeko eskumen zuzenagoak sortu, eta herritarrak partaide bihurtuko direlako.
Zergatik bozkatu behar diote donostiarrek PSE-EEri?
Itxaropena ordezkatzen dugulako. Gu gara alderdi plural eta irekiena, eta donostiarren nahiekin hobekien bat egiten duena. Donostiaren etorkizun ekonomiko eta soziala hobetuko dugu.