Markel Ormazabal: 'Eraldia eta gure aurrekari penalak'
Egun gutxi batzuen joanak eskaintzen duen distantzia laburrean idatziriko hitzak dituzu hauek. Eta distantziak distantzia, 2013ko udaberriari harrera egin zion Herri Harresiaren pareko izan zait iragan asteburuko Eraldia. Abuztuko jaietan Kofradien arteko elkarlanak zabaltzen dituen une zenbait bezain iradokitzailea. Hiru une hauek, elkartasuna nahiz komunikazio sozialaren dimentsio fisikoa berraktibatzearen borondatea partekatzen dute. Prekarietate egoerek osatutako langile klase berrituak premiazkoa baitu elkartasunerako baldintza emozionalak berreraikiko dituen, eta espazioan (Bulebarrean, fabrika hutsetan, espazio publikoan oro har) nahiz afektibitatean oinarritutako dimentsioa indarberritzea.
Franco Berardi Bifok “elkartze logika” esaten dio. Elkartzea, gorputzak elkarrenganako harremanean jartzen dituen hartu-emana da; berdingabe eta errepikaezin agertarazten duelarik komunikazio oro (harreman sozial ororen aurre-baldintza). Elkar-gurutzatzen diren besoak polizi ernegatuen aurrez aurre. Askotariko oin eta sorbaldak pogo amaitezinetan. Edo hutsik den fabrikan erratza baldarrak hautsa nola, aurre-jarrerak eta posizoak harrotzen dituzten asanbladak. Sinpatia, sentimendu partekatua alegia, loturazko hartu-emanaren dimentsio orokorra litzateke. Neurrian ezberdin, baina izan dute zera sinpatikoa aipatu uneok. Eta logika honek berekin dakartza gorputz, keinu eta emozioen dimentsioak.
Ezin ahaztu dugu Kapitalismoa harreman soziala dena. Ekoizpen baliabideekiko pertsona bakoitzak daukan posizioaren arabera eraikitzen den botere harremana; jabe eta ez jabeen artekoa. Aurretiaz dugu generoaren araberako banaketak sortzen duen botere-harremana. Egoera bat baino, Kapitalismoa prozesu bat da. Bizi gaituen prozesua. Eta auto-banandurik bizi gara, auto-alienaturik. Eskizoideak ote garen, diosku John Hollowayk. Denok baikara zapaldu eta zapaltzaile aldi berean, espazio eta mintzaideen arabera bata zein bestea. Aurrekari penalak, nork bereak. Hala, bestelako harreman sozialak helburu dituen eraldaketa, salbuespenik gabe gu denok zatikatzen gaituen nahasmendu eta kontraesanetik abiatuko da.
Eraldaketa, baina, kontzeptu bat da. Ezin helmuga izan. Ez bada etengabeko eraldaketa, amaigabea; ekoizpen kapitalistak berekin baitakar etengabe berritua izango den subjektua eta objektuaren bereizketa. Eta etengabeko bereizketa honek jartzen gaitu borrokaren amaigabetasunari begira. Eraldia, mugagabetasun horren baitan berkokatze berri bat izan zait. Bizitzen gaineko interbentzioa (edo ekintza zuzena gure bizitzen gain, talde hark esango lukeen maneran), interpelazioak gonbite eta posizioak mugimenduan, eta hiru eguneko ihesaldi partziala. Bere neurrian, baina ihesa. Desira nuke, oraino elkarrengandik urrun diren askotariko gorputzen arteko konplizitate baten lehen esperientzia besterik ez izana. Aurrekari penal bat gehiago. Ezin izan azkena.