Bretxako Arraindegi eraikina. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek gaur iragarri du Donostiako Udalaren eta Bretxa merkataritza-gunearen arteko akordioa, interes publikoko arrazoiak direla medio, Bretxako azoka ustiatzeko eta kudeatzeko kontzesio-kontratua aldatzen duena. Hitzarmen horren bidez, udalak Arraindegi eraikin osoa –lurzoru-mailatik gora– berreskuratuko du eta Erdialdeko zein Parte Zaharreko premia askori erantzun ahalko die.
Tokiko Gobernu Batzordeak Erdialdeko eta Parte Zaharreko osasun-zentro berria ezartzeko administrazio-kontzesioa eratzeko baldintzen agiriak onartu ditu. Zuzenean esleituko zaio kontzesioa Eusko Jaurlaritzari, Osakidetzari eskualdatu diezaion, horri dagokiolako osasun-zentro berria eraikitzeko ardura.
Udalaren eta kontzesiodunaren arteko hitzarmenak, eraikina lurzoru-mailatik gora osorik berreskuratzea jasotzen du, eta fasetan egitea. Lehen fasean, 0. eta 1. solairuak berreskuratuko dira, 2.752 metro koadro, guztira. Horietatik 1.613 metro koadro osasun-zentro berria egiteko baliatuko dira.
Lehen fase horretan, gainera, kontzesiodunak 90 eguneko epea izango du adostutako espazioak udalari entregatzeko.
Jardunean diren establezimenduek kontzesiodunarekin sinatutako kontratuak iraungi ahala, espazio horiek udalari entregatuko zaizkio, hitzarmenean jasotakoaren arabera. Horietakoren batek kontratua amaitu aurretik jarduteari utziko balio, espazio hori ere berehala berreskuratuko luke udalak.
Fasekako berreskuratzea izango denez, eta kontzesiodunaren oreka finantzarioa mantentzeko, udalak, lehenik eta behin, 400.000 eurora jaitsiko du kanona, eta 185.000 euro emango dizkio kontzesiodunari. Azken fasean, berreskuratzea osatuta, kanona 125.000 euro urteko izango da.
Bretxako Arraindegi eraikinak kudeaketa publikoa izango du aurrerantzean, beraz, eta horrek aukera emango du osasun etxe berria bertan kokatu eta Erdialdeko eta Parte Zaharreko donostiarrei zerbitzua emateko. Gainera, eragiketa horri guztiari esker, Sorospen Etxea osasun etxe berrian txertatuta egongo da, 24 orduz zerbitzua eman ahal izateko, eta kudeaketa publikoa izango du.
Juan Karlos Izagirrek gogora ekarri duenez, osasun-zentro berriarena «Parte Zaharreko eta Erdialdeko donostiarren aldarrikapen nagusia da aspalditik. Gaur-gaurko instalazioak izango dira, irisgarriak, inolako antzik ez dutenak hainbeste gabetasun dituen egungo osasun etxearekin».
Arraindegi eraikin ezagunak beste hainbat zerbitzu eskainiko dizkie herritarrei.
Gainera, aurreikusitakoaren arabera, goiko solairua kirol instalazioetara bideratuko da.Lurzoru-mailatik beherako solairuak, azoka tradizionala eta supermerkatu bat daudenak, egungo erabilerei eutsiko die.
Egungo osasun etxea eta Sorospen Etxea hartzen dituzten lokalak libre geratuko dira, eta herritarrek mahai gainean jarritako eskaerei erantzuteko erabiliko dira.