Morlans zahar eta berritik talde bana irtengo da argi batekin, eta plazan garai bateko gas farolen itxurako argia piztuko dute elkarrekin.
Sukaldaritza txapelketa Morlanseko jaietan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Berritasun handi batekin hasiko dituzte aurten auzoko jaiak Morlansen, ostiralerako festak hasteko ekitaldi berezi bat prestatu baitute: auzo zaharraren eta berriaren batasuna irudikatuko dute ‘faroltxoaren piztea’-n. Auzoaren beheko aldetik eta goialdetik talde bana irtengo da argi batekin, eta ondoren plazan elkartuko dira denak. Txupinarekin batera, antzinako gas farola baten itxurako argia piztuko dute elkarrekin. Argi hau piztuta egongo da jaiek irauten duten bitartean, jaien sinbolo bihurtuko delako: “Jaietako pertsonaia bat sortu beharrean, auzoaren historiarekin lotutako sinbolo bat hartu dugu. Gas fabrika zaharra gogora ekartzen du nolabait. Elkartearen logoa ere farolatxo bat da”, azaldu du elkarteak.
Morlanstarrak auzo elkarteak hasieratik egin du ahalegina auzoaren goialdea ere kontuan hartzeko, auzogintzan auzotar guztien partaidetza bultzatu nahi dute-eta: “Ekitaldi honekin protagonismo gehiago eman nahi izan diogu. Beti egon da goiko auzoa ahaztuta bezala, eta ez genuen nahi etxe berrien ‘oldeak’ auzoko txoko hori irenstea, adierazi dute elkartetik.
Duela bi urte berreskuratu zituzten Morlanseko jaiak. Urteak ziren jaiak desagertu zirela, eta garai batean bezala, maiatzeko bigarren asteburuan egitea erabaki zuten.
Pixkanaka abiada hartzen ari dira auzoko jaiak, eta urtez urte egitarauan eskaintza zabalagoa egiten ari dira. Ostiralean, faroltxoa piztu ondoren, auzoko danborradak hartuko ditu kaleak. Alfaltzeko orduan sardina jatea prestatuko dute, eta eguna haurrentzako eta helduentzako karaoke banarekin bukatuko dute.
Larunbat goizean dianarekin esnatuko da auzoa. Buruhandi eta erraldoiek kaleak girotu ondoren, sukaldaritza lehiaketa egingo dute: patatak errioxar erara egin beharko dituzte lehiakideek. Eguerdian olinpiadak hasiko dira, eta ondoren indarrak hartuko dituzte herri bazkarian. Bazkalostean musean jokatzeko aukera izango dute. Arratsaldean, Galgo Leku elkartekoek txakur erakustaldia egingo dute auzoan. Ondoren, txokolate jana eta pailazoak. Eta iluntzean, poteo elegantea egingo dute auzoan. Aurten larunbat gaua 3gabe2-ren berbenarekin girotuko dute.
Igandean berriz ere dianarekin esnatuko dira auzotarrak, eta pijama gosaria egingo dute plazan, “rulo eta guzti”. Auzotarrek etxetik ekarriko dute gosaria, denok elkarrekin gosaltzeko. Haurrek ongi gosaldu beharko dute, 11:00etan haurrentzako txirrindularitza proba bat egingo dutelako. Adinen araberako zirkuitu batzuk prestatuko dituzte, eta parte hartzaile guztiak sarituko dituzte. Eguerdian, musika eskoletako ikasleek emanaldi eder bat egingo dute. Ehun bat lagun elkartuko dira, eta ordubeteko saioa eskainiko dute. Jaiak sagardo dasteketa batekin amaituko dituzte.
EGITARAUA:
Ostirala 15
18:00 Jaien hasierako merienda.
19:00 Faroltxoaren piztuera.
20:00 Danborrada auzoko kaleetan zehar.
21:30 Sardina jatea.
21:30 Haurren karaokea.
23:00 Helduen karaokea.
Larunbata 16
10:30 Diana, buruhandi eta erraldoiekin.
11:00 Sukaldaritza txapelketa.
11:00 Haur jolasak.
12:00 Olinpiadak.
14:00 Herri bazkaria.
16:00 Musa
16:00
Galgo Leku elkartearen txakurrak.
17:00 Pailazoak.
18:00 Txokolate jana.
19:00 Poteo elegantea.
21:00 Afaria.
23:00 Berbena: 3gabe2
Igandea 17
09:00 Diana.
10:00 Pijama gosaria.
11:00 Haurrentzako Txirrindularitza proba.
12:00 Musika Eskolen emanaldia.
13:00 Sagardo dastaketa eta haurrentzako denbora pasak.