Duela lau urte Donostiako alkate bihurtu zen Juan Karlos Izagirre, eta, zailtasunak zailtasun, pozik dago hirian egin dituzten aldaketa politiko eta sozialen emaitzekin.
Juan Karlos Izagirre, EH Bilduren Donostiako alkatetzarako hautagaia. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Juan Karlos Izagirre (1963, Igeldo), Medikuntzan lizentziatua, Donostiako alkatea da egun. Duela lau urte iritsi zen alkatetzara, eta ordutik ez da gelditu; askotan bazkaltzeko astirik ere ez du izaten. Hauteskundeetan herritarrek babes zabala emango diotela sinetsita dago.
Lau urte igaro dira alkatetzara iritsi zinenetik; nolako bidea izan da?
Ilusioz betetako bidea izan da; lan asko eskatu digu, baina, balorazioa egiteko garaia iritsita, bai nik eta bai hiriak badauzka pozik egoteko arrazoiak. Krisi garaian iritsi ginen gobernura, eta nahiz eta gutxiengoan gobernatu, inguru nahiko bortitzean, eta, hainbat ezbeharrei aurre egin behar izan arren, hiri honek aurre egin dio krisiari. Datorren urteak erabakigarriak izango dira, baina hiritarrekin egin dugu politika, eta hori nabaritu dutela uste dut. Nahiz eta une gogorrak pasa, oso pozik nago.
Urte hauetan nolako harremana izan duzue beste taldeekin?
Bereiztuko nituzke harreman pertsonalak eta ofizialak. Pertsonalak oso onak izan dira guztiekin, publikoki islatu ez diren arren. Ofizialki, saiatu gara eta lortu ditugu adostasunak, baina batzutan besteengana iristeko zailtasunak izan ditugu.
Aurretik politikan egon gabea zinen; alkatetzara ohitu zara?
Ni beti egon naiz politikan sartuta, eta beti izan dut nire ideologia oso garbia. Politika egunero egin behar da; orain, paper instituzionala egitea tokatu zait. Egia da duela lau urte ez genuela irabaztea espero, eta bertigo puntu bat sentitu genuen lehen egunetan; baina eroso sentitu naiz. Alkate izateko ez da pertsona berezia izan behar, argi daukat herritarrekin lan egin behar dela. Nire aitonak erakutsi zidan bezala: “zauden lekuan egin ezazu ahal duzun hobekien”. Ni ere saiatu naiz gauzak ondo egiten, eta kontzientzia lasai daukat.
Zer da egin duzun gauzarik zailena? Eta politena?
Ziur aski, uholdeak izan dira une zailenetako bat; herritarrak haserre zeuden, eta bertara joan eta aurpegia ematea gogorra izan zen. Alkate moduan bizi izan dudan beste gauza itsusi bat joko zikina noraino iristen den ikustea izan da. Politena, berriz, herritarrekin egon eta gauzak egiteko beste modu bat dagoela ikustaraztea izan da; gauzak ondo eginda oso pozik sentizen zara, eta pribilegio horiek aprobetxatu ditut.
Zuen oinarri nagusia politika parte hartzailea da; zein emaitza jaso dituzue?
Gobernura iritsi eta lehen bileretan argi genuen ideia bat: auzoetara joan behar genuen. Hasieran ez genekien oso ondo nola egituratuko genuen ideia hori, baina lau urteren ondoren hiru oinarritan banatutako programa landua daukagu; demokrazia ordezkatzailea, elkarteekin kontaktua eta kontsulta. Benetan pozik nago azken udalbatzarrean lortu dugulako kontsulten ordenantza onartua izatea.
Datozen urtetan zer egingo duzue langabeziari eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko?
Nahiko adierazgarria da nola saiatzen diren batzuk ondo egindako lana ezkutatzen. Hiri honek ekonomia suspertzeko duela lau urte baino zazpi aldiz gehiago inbertitzen du. Estrategia bat jarraitu da, merkataritzan eta ostalaritzan indarrak batuz, eta lanpostuak sortuz. Emaitza ikus daiteke: 3.200 lanpostu eta 1.000 enpresa sortzen lagundu dugu. Donostiaren langabezia tasa %12,5koa da; Europako mediatik puntu bat gorago dago, eta Euskal Herriko inguruko hiriak baino askoz ere baxuago. Etxebizitzaren gaiarekin, berriz, krisi garaian egon arren, gizarte zerbitzuetan mozketarik ez egitea erabaki genuen, eta politika sozialak indartu genituen; ondorioz, hirian ez da kaleraketa bakar bat ere egon. Horrekin batera, aurrera doaz Txomin Enea, Goienetxe, Esnabide, Antzieta eta beste auzoetan martxan jarritako etxebizitza proiektuak.
Oposizioa gogorra izan da Igeldo eta Donostia 2016rekin; zer gertatzen da gai horiekin?
Kritika arrazoituak ondo ikusten ditut beti, baina amorrua ematen didate alperrikakoak, eta horrelako asko egon dira orokorrean. Igeldon, herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela defenditzen dugu, eta hori hemen ez da errespetatu. Donostia 2016, berriz, proiektu konplikatua da berez; beste hiriburuetan ere hala izan da, epe motzean gauza asko egin behar direlako. Donostia 2016 aukera paregabea da, eta lan handia egin da aurrera ateratzeko. Eraso politikoak amaitzean argi geldituko da proiektuaren potentzial guztia.
Berriki aurkeztu duzue euskararen plan berria; zer egin dezake udalak euskara sustatzeko?
Udalak egin behar duena da berez lanean dauden erakunde eta baliabideekin elkarlanean aritu, emaitzak hobeak direlako, eta administrazioak hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu. Asko aurreratu da neurtzen zailak diren gauzetan, baina herritarrak konturatu behar dira euskarak ere balio duela gauza serioetaz mintzatzeko, eta gu eredugarri izan behar gara.
Eusko Jaurlaritzaren inkesta batek EAJ garailetzat du; hala izango dela uste duzu?
Inkestei ez zaie garrantzi gehiegirik eman behar, baina nik uste dut irabaziko dugula, guk ez irabaztea atzera egitea izango litzatekeelako. Sinetsita nago herritarrek ikusi dutela politika egiteko beste modu bat dagoela, eta datozen lau urteak erabakigarriak izango dira egin dugun guztia errotzeko. Horregatik, gehiengo zabal batekin irabazi beharko genukeela uste dut.
Zergatik bozkatu behar diote donostiarrek Bilduri?
Eraldaketa soziala eta paisaiaren eraldaketa emango delako, bai Urumea aldean eta baita Altzan ere, besteak beste. Parte hartzean oinarritua, duela lau urte hasitako bidea errotzea eta sakontzea nahi badute Bildu bozkatu behar dute; ezin da aukera hau galdu.