Bera Bera Eskubaloiak Ohorezko Mailako Liga irabazi du, bi jardunaldiren faltan; harrera egin diote taldeari udaletxean

Bera Berako jokalariak eta arduradunak, udalbatzar aretoan, alkatea eta beste zenbait zinegotzirekin batera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ohorezko Mailako Ligako txapelduna da jada Bera Bera Eskubaloia, hirugarren aldiz jarraian. Beraz, beste modu batera izan ezin zitekeen moduan, harrera egin diote taldeari udaletxean, alkateak eta beste hainbat zinegotzik. Udaletxe kanpoan hartu dituzte udaleko ordezkariek Bera Berako kideak, eta pixka batean hitz egin ondoren, argazki bat atera dute guztiek elkarrekin. Ondoren, udalbatzar aretoan egin diete harrera ekitaldia. Juan Karlos Izagirre alkateak hartu du hitza eta harro asko zoriondu du taldea: “Garaipenak behin lortu ostean, berriro ere lortzeak ez duela ilusiorik egiten esaten dute, baina nik ez dut hori uste. Larunbat gauean donostiar asko poztu ziren zuen garaipenarekin, eta hirugarren liga duzue jada jarraian, tartean kopa eta superkopekin. Badakigu esfortzu handia dagoela garaipenen atzetik, eta zuek izandako diziplinak saria jaso du”. Hainbat donostiarrentzat eredugarriak direla ere esan die alkateak jokalariei: “Pozten gara goian zaudetelako, eta hiri honen emakumeen kirola goi mailakoa delako, zuek hala egiten duzuelako”. Hori bai, oraindik liga bukatu ez denez, ez erlaxatzeko eskatu die alkateak barre artean: “Larunbatean Bidebietara joango gara hurrengo partida ikustera. Zuekin gaude, animo eta segi horrela!”.
Opari gisa, udalak Haizearen Orraziaren marrazki bat oparitu dio taldeari; taldeak, berriz, jokalari guztiek sinatutako elastiko bat utzi du oroigarri gisa. Matxalen Ziarsolo kapitainak argi utzi du garaipenak lortzea ez dela erraza: “Iaz hiru titulu lortu genituen, eta aurten bi. Horrek erakusten du ez dela hain erraza. Bagenekien Rocasak ez zituela bere partidak galduko, eta gure lana ongi bete behar izan dugu”.
Bertso bat ere eskaini dio alkateak taldeari, eta trukean erantzuna ere jaso du:
Juan Karlos Izagirreren bertsoa (Habanera):
Bertso batekin nator gaur/txapeldun finen ondora/urte osoko ahalegina/zoriondu beharko da/Donostiaren izena/segi zabaltzen kanpora/mundialak zarete eta/zabaldu mundu osora/Bera Bera zorionduz/ekarri nahi dut gogora/kirola izan leikela/bizitzaren metafora/amesten segi nahi degu/begiratu luzarora/iritsi daitezke eta/xume xume edonora
Bera Berako jokalarien bertsoa (Guretzat):
Hirugarrenez liga garaile/ez da ez lorpen makala/gure esfortzu etengabeak/luzaro goza gaitzala/marka guztiak hausten jarraitu/ orain artean bezala/emakumeen kirola dugu/Donostian mundiala
Hain zuzen ere, oraindik Liga bukatzeko bi jardunaldi falta diren arren, Donostiako taldeak ziurtatua du titulua matematikoki, joan den larunbatean Rocasari irabazi ostean (21-24). Kanaria Handian jokatu zuten norgehiagoka, ligako liderrak eta bigarren sailkatuak, eta ia partida osoan bisitariak aurretik joan ziren markagailuan. Azkenean, Bera Berak garaipena lortu zuenez, Rocasak baino lau puntu gehiago ditu, eta gol averagea ere alde duenez, poltsikoratu du jada liga.