Naziek Euskal Herrian izandako eragina bildu dute bi erakusketatan, guda bukatu eta 70 urtera. San Telmo Museoan eta Aieteko kultur etxean bisita daitezke bildumak
Egileak: Estitxu Zabala/Nerea Lizarralde
Bisitari bat ‘Nazien presentzia Bidasoan’ erakusketan, Aiete kultur etxean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
II. Mundu Gerra bukatu zenetik 70 urte bete dira aurten. Urtemuga kontuan izanda,
San Telmo Museoa eta
Aieteko kultur etxea lotu dituzte, bi erakusketaren bidez.
Comete. Ihesbide sarea ikus-entzunezko erakusketa da San Telmoko Laborategi Aretoan jarri dutena, maiatzaren 31 arte. Aieten,
Nazien presentzia Bidasoan izeneko argazki bilduma jaso dute, ekainaren 7a arte. Morgancrea estudioak ekoitzi ditu biak eta doako sarrera dute. Haietan izan da IRUTXULOKO HITZA.
Comete. Ihesbide sarea, San Telmo Museoak, Bakearen Etxeak eta Donostia 2016k antolatu dute, eta Comete sare klandestinoa da erakusketaren muina, II. Mundu Gerran, gatazka gunetik 800 iheslari inguru ateratzea lortu zuen elkarte klandestinoa. Bizirik dirauten Cometeko kideei eta senideei egindako 30 elkarrizketa esklusibo eta dokumentazio berria biltzen ditu erakusketak. Hala, 32 monitore eta tablet dira erakusketaren oinarria; hala, bisitari bakoitzak nahi dituenaren adierazpenak aukeratu eta entzun ditzake. «Gerra guztiek zauriak irekitzen dituzte eta sufrimendua zabaltzen dute; eta herri honek ere gerra eta sufrimendu asko ezagutu ditu. Aldi berean, pertsonen alde onena azaleratzen dute gerrek, elkartasuna, gizatasuna eta baloreekiko konpromisoa», azaldu zuen Juan Karlos Izagirre alkateak, erakusketaren aurkezpenean. Comete sarean parte hartu zuten euskal herritarrei ere omenaldi gisa erabili nahi dute erakusketa, eta memoria historikoaren zabalpen gisa.
«Lagun askok beste askori laguntzeko lana izan zen. Ezagutu beharreko gertaerak dira, iragana ezagutu gabe ezin baitugu geroa eraiki. Berriro halakorik gerta ez dadin, partaideei eskertzeko eta mundu hobe bat sortzeko bideratu dugu erakusketa», gehitu zuen Izagirrek. «Ni oso umea nintzen, zortzi urte nituen nire aita joan zenean, eta hortik lau urtera itzuli zen. Orduan ez nintzen konturatzen, baina nire bizitza markatu duten pertsonak ezagutu nituen nire aitaren esperientziari esker», aipatu zuen Martine Le Grellek, Comete sareko Jacques Le Grellen alabak.
Comete sarea Bruselan sortu zuten hainbat herritarrek, 1940 urte amaieran. Erresistentziarako erakunde zibil franko-belgikarra izan zen; II. Mundu Gerran naziak atzetik zituzten soldadu aliatuak gatazka eremutik ateratzea zen helburua. Hala, iheslariak euren helmugara salbu eramatea zuten xede, enbaxaden eta estatuko zerbitzu aliatuen laguntzarekin. Iheslari gehienak hegazkinlariak ziren; bidaia Bruselan hasi, eta Paris, Baiona edo Donostia bertatik igaro zirenak, ondoren, Gibraltarrera iristeko.
Azken batean, nazismoaren aurka borrokatzeko Erresistentziari lagundu zioten pertsonen bizipenak jaso dituzte erakusketan. Europa okupatua zeharkatu eta gero, Euskal Herria zen igarobide, Bidasoatik nagusiki. Bidaiako puntu erabakigarri honetan euskal talde batek, mugaren bi aldetan, era aktiboan parte hartu zuten.
1941 eta 1944. urteen artean, 3.000 herritarrek lagundu zuten Cometen, eta horietatik 700 inguru atxilotu zituzten eta 290 bat fusilatu edo deportazioan hil ziren. Sarean parte hartzen zutenak egoera zailean bizi ziren, eta atxilotu edo kontzentrazio-esparru batera eramaten zituzten. Euskal erbesteratu eta mugalariak Donibane Lohitzune inguruan bizi ziren gehienbat.
Naziak, hirian barrena
Nazien presentzia Bidasoan da bigarren erakusketaren izena, Udaleko Giza Eskubideen bulegoak antolatu duena. Aieteko kultur etxean dago, eta 150 argazkik osatzen dute. Alkateak argi utzi zuen erakusketen asmoa: «Memoria historikoaren aldeko pauso txiki batzuk dira».
Armada inbaditzaileak euskal kostaldean egindako eguneroko bizitza islatu dute Aieten, baita agintari frankistekin lortutako adiskidetasuna ere. Juan Carlos Jimenez de Aberasturi historiagilea da erakusketaren komisarioa, eta garaiko argazkiek orain arte ezkutuan geratu den historia benetakoa dela erakusten dutela dio: «Zaharrek ongi gogoratzen dute, nazien kamioiak nola iristen ziren kontatzen dute, baina gehienentzat ezezaguna da naziek Euskal Herrian izan zuten presentzia».
Naziei harrera jendetsuak Donostian, manifestazio nazi eta falangistak Irunen, nazi gazteak sinadurak biltzen Gipuzkoako Aldundiaren arkupeetan, Hitlerren Gazteriaren Eguberriaren ospakizuna La Perlan, Himmlerren bisita… Argazkietan frankisten eta nazien kolaborazioa agerian geratzen dela azaldu zuen aurkezpenean alkateak: «Bandera naziekin ibiltzen ziren Donostian lasai asko, nahiz eta Espainia frankista formalki neutrala izan II. Mundu Gerran».
Erakusketaren azken zatian, irudi ikusgarri batzuk jaso dituzte; bonba hegazkin alemaniar bat Kontxako uretan erori zenekoak. Oslotik zetorren, eta gasolina gabe geratu zenean hondartzan erori zen, Eguzki klubaren parean. Leon Degrelle nazi belgiarra zihoan bertan, beste lau bidaiarirekin batera. 1945eko maiatzaren 8a zen, II. Mundu Gerra bukatu zen eguna.