EAJko hautagai Eneko Goiak donostiarrek emandako konfiantza eskertu du.
EAJko hautagai Eneko Goiak garaipena ospatu zuen atzo Batzokian. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
EAJ izan zen atzoko hauteskunde gaueko irabazlea, eta gaur adierazpenik egin ez duten arren, Eneko Goia alderdiko zerrendaburua egun guztian zehar izan da komunikabideekin hitz egiten. Atzo gauean ospakizun giroa nagusi zen Benta Berriko EAJren Batzokian, eta bertan agerraldia egin zuen hautagaiak, bere taldekideek babestuta. Goiak “denekin” hitz egingo du, eta azaldu duenez, “goizegi” da akordioen inguruan hitz egiteko.
Goiak donostiarren konfiantza eskertu zuen agerraldian: “Nik uste nuen bezalakoa da Donostia. Aldaketa ahalbidetu duen erabaki zentzuduna hartu du, eta hartutako erabakia ona izan dela frogatuko dugu”.
Emaitzek eskuartean ardura handia izan arren, lasai agertu zen EAJko zerrendaburua, gauzak ondo egiteko gai izango delako: “Donostiarrei ez diegu huts egingo”. Azkenik, Goiak gogoan izan zituen alderdiaren alde lanean aritu diren boluntariak, eta Mari Carmen Robles eta Ramon Labaien aipatu zituen, baita bere emaztea eta Imanol Lasa komunikazio arduraduna ere.