Jaume Ponsarnau eta David Doblas. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile
Jaume Ponsarnau-k eta taldeko kapitain
David Doblas-ek agerraldia egin dute gaur, asteburuan taldeak maila galdu eta gero, ACB Ligako azken jardunaldian. Kirol arloan oraindik ate bat irekita dagoela esan dute, Urrezko Adecco Ligatik inor edo talde bakar bat igoz gero. Hala ere, arlo ekonomikoari eman diote garrantzia gehiago, ACB Ligan egoteko baldintza batzuk beharko lituzkeelako klubak, egun ez dituenak. “
Kluba ekonomikoki bideragarria izatea da garrantzitsuena, ACB Ligan baldintza hoberenetan lehiatzeko helburuarekin. Bistan da aurten baino baldintza hobeak beharko liratekeela, mailaz jaitsi baigara”, adierazi du Ponsarnauk. “ACB Ligan jarraitzeko aukerak daude, baina ez guztiak. Bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko egin beharko du lan klubak. Horixe da erronka nagusiena”, berretsi du.
Doblasek esan du denboraldi osoan zehar, azken partidako azken hamar minutuetan izan ezik, euren esku egon dela jaitsiera saihestea. Azken jardunaldia amaitu zenetik, ordea, beste klubek egingo dutenaren zain egon behar dutela onartu du. Gauzak errazak ez direla izango aurreratu du: “Ez dago gure esku; beraz, ezin dugu etorkizunaz hitz egin. Ez da erraza babeslerik gabeko talde batean egotea”.
Gipuzkoa Basketeko zuzendaritzako kideek aurrerago emango dituzte klubaren egoerari buruzko zehaztasun gehiago. Ponsarnauk eta Doblasek euren iritzia besterik ez dute eman, euren agerraldiaren xede nagusia denboraldiaren kirol balantzea egitea izan baita. Kirol arloari lotuta, entrenatzaileak eta kapitainak esan dute “detaileengatik” galdu dutela maila: “Partida bakar batengatik, puntu bakar batengatik, beste gauza batetaz hitz egiten egongo ginateke orain”, adierazi du Doblasek, eta azken segundotan galdutako norgehiagokak zerrendatu ditu. “Luzapen gehien jokatu dituen taldea izan gara Ligan”, zehaztu du Ponsarnauk.
Hala ere, ez dute aitzakiarik jarri. Jarraian izandako bost porrotekin hasi zuten denboraldia, baina entrenatzaileak nabarmendu du, taldea egokitzen joan zen heinean, egoerari buelta eman ziotela. “Bederatzigarren garaipena eskuratu genuenean, Manresan, une zoragarri batean ginen.
Baskonia jasotzea egokitu zitzaigun etxean, oso onak sentitzen ginen, baina Laboral Kutxak eman zigun jipoiak min asko egin zigun. Porrot horren ondorioei ez genien ondo aurre egin”, aitortu du Ponsarnauk, eta orduz geroztik taldeak behera egin zuela nabarmen azpimarratu du.
Taquan Dean jokalariaren ezusteko agurrak taldea ahuldu zuen. Saskiratzaile onena zen, erasoan zailtasunak zituen talde batean gainera. Asko nabaritu zuten hutsunea, eta jokalarien dohain handiena, talde lana, desagertzen hasi zen, entrenatzailearen iritziz. Norbera saiatu zen irtenbideak bilatzen, talde lana ahaztuta.
Hala ere,
aurretik pilatutako garaipenei esker, eta egutegia ikusita, jaitsiera postuetan ez zutela bukatuko pentsatzen zuten. Hori akats handiena izan dela nabarmendu dute entrenatzaileak zein kapitainak: “Ez dut inor engainatuko, baina jokalari bezala lasai nintzen azken jardunaldian; uste baigenuen Manresak ez zuela Madrilen irabaziko. Irabaztera atera ginen Zaragozara, noski, baina gertatu zena ez genuen espero”, onartu du Doblasek. “Azken jardunaldian gertatutakoa ikusita, uste dut denok ikasi dugula ezin direla suposizioak egin”, azaldu du entrenatzaileak.
Bere etorkizunari buruz,
Ponsarnauk esan du Donostian geratuko litzatekeela ACB Ligan jarraituz gero, baina erabaki hori bere esku ez dagoela esan du. Urtebeteko kontratua du, baina klubak eten dezake: “Ulertuko nuke ez jarraitzea. Pisu handia litzateke taldearentzat, jaitsiarazi duen entrenatzailearekin Liga hastea”, aipatu du. Hori bai, esan du aurten ikasitakoarekin “entrenatzaile hobea” dela, gertatutakoa barneratuko duelako esperientzia moduan.