Beste era batean bizitzeko askotariko ereduen topagunea izango da Alternatiben Herrixka
Alternatiben Herrixkaren aurkezpena gaur, Matia kalean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Beste bizimodu eredu batzuen alde lanean ari diren hainbat eragilek indarrak batu dituzte, eta alternatibak daudela erakutsiko dute asteburu honetan, Antiguan,
Alternatiben Herrixkan. Klima aldaketak eragindako larrialdi egoeraz ohartarazi nahi dute, eta egoera horren aurrean, transizio soziala, energetikoa eta ekologikoa lehenbailehen abiarazteko deialdia egingo dute:
“Bestelako gizarte modu bat lortzeko, beste era batean bizitzeko ereduak badirela erakustea, erronkak sor dezakeen ezintasun eta desmobilizazioari aurre eginez, eta aukerak jendarte zoriontsuago eta gizatiarrago baten ekarle direla erakutsiko dugu”, adierazi du Piraten mugimenduko kide Sheila Padrones-ek gaur Antiguan egin duten prentsaurrekoan. Berrogeita hamar eragile inguru elkartu dira Alternatiben Herrixkan:
Etxi gabe,
Fracking Ez,
Surfrider Fundazioa,
Txantxarreka gaztetxea,
OlatuKoop,
Uliako Auzo Elkartea,
AHTaren aurkako plataforma,
Aingura kofradia, AntiguaOtarrak kontsumo taldea, Ekologistak Martxan, Ekoliderrak Sarea, Goiener, Fiare Bankua, Haritzalde, Kalapie, ELA eta LAB sindikatuak, Lurlan eta Me Cambio, besteak beste.
Ostiralean, ekainaren 5ean Alternatiben Herrixkaren atarikoa egingo dute.
Baionatik iritsiko den bizikleta martxa bati ongi etorria emango diote Saguesen, 18:00etan. Handik Antiguara abiatuko dira 18:30ean, Matia kalerantz. Zein da Baionatik irtengo den bizikleta martxa eta Alternatiben Herrixkaren helburua? 2015eko abenduan klima aldaketari buruzko nazioarteko konferentzia egingo dute. Bizikleta martxak 5.000 kilometro egingo ditu, bidean Europako sei estatu zeharkatuz. Irailaren 26an iritsiko da Parisera. Donostiakoa lehen geldialdia izango da, ekainaren 5ean bertan. Aldi berean, Donostiako esperientzia Bilbon urriaren 24an egingo duten Euskal Herriko Alternatiben Herriaren lehen pausoa izango da.
Egun osoko egitaraua
Emaus Gizarte Fundazioa eta Saretuz-eko kide Maider Sagredok azaldu du Donostiako Alternatiben Herrixkaren egitaraua: “Klima aldaketaren aurka zer egin daitekeen mahaigaineratu eta eztabaidatuko dugu”. Ostiralean bertsolariekin eta festa giroan ongi emango diote bizikleta martxari. Hurrengo egunean ospatuko dute Alternatiben Herrixkaren Eguna. Matia kalea okupatuko dute klima aldaketaren aurka. Elizako plazan Donostiako Piratek
bigarren eskuko merkatua egingo dute 11:00etatik 19:00etara, arroparen berrerabiltzea sustatzeko. Matia kaleko errepidean -kalea guztiena dela aldarrikatu nahi dute- bertan bi mahai-inguru egingo dituzte.
Jaiak eta iraunkortasuna izango dituzte hizpide Donostiako Piratek, Euskal Herria Zuzenean jaialdiak, Eguzkizale konpartsak eta Gora Iruñea-k (13:00).
Ekonomia sozial eta eraldatzaileaz ariko dira ondoren OlatuKoop, Fiare, Emakumeen Etxeko Denbora Bankua eta Emaus Gizarte Fundazioa (17:00). Gaskonia plazan
bizikleta konpontzen ikasteko gune bat jarriko dute 11:30etik 13:30era. Leku berean
bertako edariak salduko dituen txozna bat eta
artisau azoka bat jarriko dituzte 11:00etatik 19:00etara.
Txantxarrekan ere egun osoko egitaraua egingo dute, 11:00etan hasita. Mural bat margotuko dute, dokumentalak proiektatuko dituzte, 0 km ogitartekoak salduko dituzte (bertako produktuekin egindakoak) eta kontzertuak izango dira 20:30ean. Arratsaldean, 18:30ean
Florent Marcellesi ekologistarekin bideo-konferentzia bat egingo dute.
Txalupagilene plaza jolas gune bihurtuko dute. Txotxongiloak, eskulanak egiteko tailerrak, ipuin akrobatikoak eta ipuin kontalariak izango dira bertan.
Alternatiben Herrixka Egunaren egitaraua.
Eragile guztiak azoka batean elkartuko dira,
Alternatiben Azoka deitu duten gunean. Bertan klima aldaketari aurre egiteko alternatibak aurkeztuko ditu eragile bakoitzak. Erronka bati ere aurre egin beharko diote: Txiringailuan euren elkarteak egiten duen lana azaldu beharko dute labur-labur, modu arin eta dibertigarri batean. Merkatu zaharrean ‘elkar hizketan’ ariko dira.
Klima aldaketa ala sistema aldaketa? galderari helduko diote Greenpeace, Bizi! eta Donostiako Alternatiben Herrixkak (11:00). Saretuz, EHUko Agroekologia taldea, Grain eta Laborantza Ganbarak janariaren alde ezkutua azalduko dute (12:15).
Iker Huegun Ekoliderrak Sareko kideak azaldu du
jai giroan eta musikan murgilduta egingo dutela Alternatiben Herrixka: “Ikasi, entzun eta alternatibak ezagutzeaz gain, festa giroan beste modu batean jan eta edateko aukera izango da”.
Frontoian herri bazkari ekologikoa egingo dute. Lurlan baserritarren taldeak antolatuko du, eta txartelak 15 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Gainera, Matia kaleko hainbat tabernak bertako eta garaiko produktuekin egindako pintxoak jarriko dituzte, eta beraz, poteoa modu ekologikoan egiteko aukera emango dute.
Antiguatarrei eta herritar guztiei Alternatiben Herrixkara gerturatzera dei egin diete. Antiguako hainbat kaletan zirkulazioa moztuko dutela ohartarazi dute, eta aldez aurretik barkamena eskatu diete antiguatarrei. Halere, eragozpen bat baino, ekitaldi honetaz gozatzeko aukera bat izatea espero dute antolatzaileek. Antiguan zergatik egingo duten ere azaldu dute: “Antiguak badu berezko auzo izaera. Lan giro eta auzolan historia bat du eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun”, adierazi du Huegunek. Alternatiben Herrixkak eragileen arteko sinergiak indartu eta elkar ezagutzeko balio izan duela azpimarratu du:
“Dena auzolanean egingo da, eta horixe da ekitaldi honek duen xarmarik handiena. Denok klima aldaketaren aurka ari gara elkarrekin”. Eguraldi txarrari ez diote beldurrik antolatzaileek, euria egiten badu ere, egitarauko jarduera guztiak espazio itxietan egiteko aukera ere izango dutelako.