Maria Kristina erreginak Loiolako Lorategi Hiriko lehen harria jarri zuen 1916an; gertakari hura antzeztu dute auzoko egungo bizilagunek, pelikula bat osatzeko.
Loiolako hainbat bizilagunek parte hartu zuten filmaketan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Larunbat goizean, 1916ko jantziak hartu zituzten soinean loiolatarrek. Urte hartan jarri zuen
Maria Kristina erreginak Loiolako Lorategi Hiriko lehen harria, eta gertakari hura antzeztu zuten egungo bizilagunek, film labur bat osatzeko. Olatu Talkaren barnean aritu ziren aktore lanetan loiolatarrak,
Aritz Moreno Groseko zinemagilearen eta Leire Apellaniz ekoizlearen esanetara. «Olatu Talkatik proposamena egin ziguten eta baiezkoa eman genuen.
Jon Urbietarekin bildu ginen, Loiola kultur etxeko zuzendaria, eta berak kontatu zigun dena», dio Aritz Morenok.
Zehazki, Zaragozako filmategian pelikula bat agertu zen 1916ko irudi haiekin, eta 1999an Euskadiko Filmategiak zaharberritu egin zuen, minutu bateko filma osatuz. Orain, jatorrizko film horren erreplika bat egingo dute.
Auzotarrek ongi pasatzeko egun bat izan zela argi geratu zen: «Izugarri landu dute guztia, jatorrizko jantzi batzuk berreskuratu dituzte, eta bizilagunen partaidetza oso polita izan da, profesional batzuk izan dira».
Auzoko jaiak baino lehen bukatu nahi dute
Aldarrikapenerako ere erabili zuten filmaketa. Batetik, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzeko, eta bestetik, Euskotreneko geltokiaren lanak bukatzeko eskatzeko,
Loiola existe, lanak bukatu lelopean. «Egun batzuk lehenago igaro ginen auzotik, eta jatorrizko lekuan filmatzea ezinezkoa zela ikusi genuen. Antzekoenak izan zitezkeen lekuak topatu genituen, eta erraz egin genuen. Gainera, dagoeneko egina dagoen bideo batetik abiatu ginen. Beraz, planifikazio osoa egina genuen. Sei plano ziren, eta bagenekien pertsonaia bakoitzak egin behar zuena». Morenok dio azkar egingo dutela muntaketa: «Jatorrizkoaren antza izateko, filtro dezente sartu beharko dizkiogu postprodukzioan. Auzoko jaiak baino lehen ziur bukatuko dugula».