Mugimenduko kideen arabera, Aldapetako eraikinaren jabeak udalaren laguntzaren zain daude, bertan luxuzko etxebitzitzak eraikitzeko
Aldapetan dago Itxas Gain etxe okupatua. (Argazkia: donostiaokupatu.wordpress.com)
Aldapetako 62. zenbakian hutsik zegoen eraikin bat okupatu zuen lagun talde batek,
Itxas Gain izenarekin bataiatuz.
Yeregi enpresa da eraikinaren jabea eta martxoan auzitara eraman zituen Itxas Gaineko kideak; hala, maiatzaren 19rako epaitegiko deia jaso zuten. Etxe okupatuko kideek, ordea, jabeekin negoziatzea pentsatu zuten, etxea uzteko eguna adosteko: “Espekulazioaren bitartez gure kontura aberastu nahi duten horiekin ez dagoela ezer hitz egiterik pentsatzen genuen, baina auziarekin jarraitu eta galdu izan bagenu, 23.000 euroko kostuei aurre egin beharko genieke, ezingo geniolarik diru kopuru horri aurre egin. Horrek egoera oso kritiko batean utziko gintuzke”, aipatu dute Itxas Gainekoek ohar baten bidez. Aipatu dutenez, jabeek diru laguntza publiko bat eskatu dute etxea eraisteko, eta “euren luxuzko etxe berriak eraikitzeko”, baina udalaren erantzunaren zain daude. Beraz, bien bitartean, euren jarduerekin aurrera jarraitzea erabaki dute: “Itxas Gainek bizirik jarraituko du. Oraindik baditugu hainbat kostu ordaindu beharra eta denbora gutxi daukagu espazioa erabiltzeko eta egoerari aurre egiteko. Horregatik, danok animatzen zaituztegu etortzera, parte hartzera eta bizirik mantentzera.
Astelehenetan, 19:00etan asanblada irekiak egiten jarraitzen dugu”.
Okupazioa babesten duen lagun talde batek osatzen du Itxas Gain: “Nazkatuta gaude etxebizitzaren alorrean gaur egun gertatzen diren injustizia guztietaz. Nazkatuta gaude gure agintarien aurrean belaunikatzeaz eta horregatik ekintza zuzenaren eta autogestio horizontal eta asanblearioaren bidea hartu dugu dagokiguna aldarrikatzeko, bizitzeko leku bat”, diote euren aldarrikapenean.