Gipuzkoako Caritasek 'Aparkatu zure axolagabetasuna' izeneko erakusketa berezia jarri du hainbat aparkalekutan
Hainbat aparkalekutan gizarte bazterkeriaren inguruko irakurketa deigarriak jarri dituzte, Okendoko parkinean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Okendo parkinera jaisten denak ezustekoren bat hartuko du ziur egunotan. Izan ere, erakusketa berezi bat antolatu du Gipuzkoako Caritasek
Aparkatu zure axolagabetasuna. Begirada bat gizarte bazterkeriar izenburupean, lehen solairuan. Aparkalekura sartzean, honako kartela irakur daiteke: “Ikusiko duzun guztiak errealitatearekin zerikusia du”. Hortik aurrera, hamaika aparkalekutan, gizarte bazterkeriaren adierazle diren hainbat konturekin topakuko dira parkineko erabiltzaileak, ekainaren 21era arte.
Honakoak dira hamaika aparkalekuak: Bazterkeria, Kale gorrian, Immigrazioa, Mezuak, Arimaren elikagaiak, Bizitzaren ikurrak, Boluntarioa, Hezkuntza, Buruko gaixotasuna, Gizarte bazterkeria eta Giza birziklapena. “Ez ezazu beste alderdi batera begiratu. Gera zaitez, begiratu zure inguruneari eta egizu zerbait. Landu zure giza garapena: egin harrera, enpatizatu.. erakutsi hor zaudela”, horixe da Caritasek erakusketa horren bidez zabaldu nahi duen mezua. Deigarriak dira aparkalekuetan jarri dituzten kontuak, jendearen arreta deitzeko asmoz, eta ezusteko bertsoren bat ere entzun daiteke.