Ekain Irigoienen 'Kresala', Maider Fernandez eta Maria Elorzaren 'La vendedora ambulante' eta Inko Martinen 'El punto ciego' filmatuko dituzte

Xabi Paia, Jorge Gil, Maider Fernandez, Maria Elorza, Ekain Irigoien, Inko Martin eta Agurtzane Aizpuru. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Uztaila bukaeran hartuko dituzte
Kalebegiak filmerako lehen irudiak. Bederatzi zuzendari ezagunek eta hiru zinemagile hasiberrik zuzendutako hamabi film laburrez osatuko dute
Kalebegiak, eta 2016ko Zinemaldian eskainiko dute osatutako pelikula.
Donostia 2016 egitasmoaren barruan dago proiektua, eta bederatzi profesionalak hautatu ostean, beste hiru film laburrak osatzeko lehiaketa bat zabaldu zuten. Donostiaren erretratu bat egiteko eskatu zitzaien partaideei, eta jasotako 72 lanen artean, hiru aukeratu dituzte:
Ekain Irigoienen Kresala, Maider Fernandez eta Maria Elorzaren La vendedora ambulante eta Inko Martinen El punto ciego. Irigoien, Fernandez eta Martin donostiarrak dira, Elorza, berriz, gasteiztarra. Lehenengo bi lanetan, gidoilariak beraiek egingo dute zuzendari lana,
El punto ciego filmean, berriz, erabakitzeko dago nork egingo duen zuzendari lana.
Kresala. Ekain Irigoien (Donostia, 1981). Film labur honek omenaldi bat egiten die itsasoan bizia galdu zuten arrantzaleei, itsasoan hurbileko norbait galdu zuten pertsona guztiei eta, batez ere, itsasoarekin loturiko ezbehar bat izan arren berriro itsasora atera direnei. “Duela bost urte idatzi nuen gidoia, eta tiradera batean gordeta eduki dut, orain atera dudan arte. Donostiarra izanik, txikitatik Pasealeku Berriko olatuak ikusteak hau idaztera eramango nindula pentsatzen dut”, azaldu du egileak.
La vendedora ambulante. Maria Elorza (Gasteiz, 1988) eta Maider Fernandez (Donostia, 1988).
Pasaikeko neskak da Elorza eta Fernandezen izen artistikoa. Dokumental bat osatu dute; gauean kaleetan eta tabernetan objektu argidunak saltzen dituen Asiako emakume baten inguruan. “Narrazioak bi ildo jarraituko ditu. Batetik, pertsonaiarena bera, gaua, fantasia… eta bestetik, dokumentala, ikertzaile lana, herritarren adierazpenak jasotzen dituena”, argitu du Elorzak.
El punto ciego. Inko Martin (Donostia, 1979). Gidoi horren oinarrian honako ideia dago: kultura norberaren identitate gisa, eta kultura taldean; kultura lasaia, eta kultura modernoa, globalizatua, ondokoa ikusten ez duena. “Bi pertsonaia agertuko dira filmean, eta bakoitzak kultur mota bat ordezkatuko du”, azaldu du Martinek.
Bestetik, honakoak izango dira
Kalebegiak filmeko zuzendari profesionalak: Julio Medem, Daniel Calparsoro, Imanol Uribe, Gracia Querejeta, Luiso Berdejo, Borja Cobeaga, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Asier Altuna, Telmo Esnal eta Koldo Almandoz dira. Horien artean, Medem, Almandoz, Berdejo eta Kobeaga donostiarrak dira.
Michel Gaztanbide, Jorge Gil eta Moriarti Produkzioak-ek proposatutako zuten
Kalebegiak proiektua, Larrotxene kultur etxean egiten dituzten ikus-entzunezko ikastaroei beste irtenbide bat emateko asmoz, eta 2016 Fundazioari ideia polita iruditu zitzaion. Hala, egungo eta etorkizuneko talentuak elkartuko dituztela diote, ideiak trukatuz film kolektibo bat egingo dutelarik. Hala,
Kalebegiak gehienez ere hamar minutuko hamabi film laburrez osatutako film luze bat izango da.
Casting bat egingo dute 2016 Gunean
Herritarren partehartzea bultzatu nahi du
Kalebegiak egitasmoak. Hori dela eta, casting ireki bat antolatu du, interesa duten herritar guztiei zabaldua. Hala, film laburretarako aktoreak aukeratuko dituzte, garrantzia gehiago edo gutxiago izango dutenak, eta aktore profesionalekin batera lan egingo dute. Bihar bertan egingo dute castinga, Easo kaleko 2016 Gunean, 9:30etik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara.
Partaide guztiekin fitxategi bat osatuko dute, eta zuzendariek egoki baderitzote, hautagaiekin harremanetan jarriko dira, laster filmatuko dituzten film laburren batean parte hartzeko. Bestetik, interesa duten guztiek aukera izango dute Facebook eta Instagram kontuen bidez
Kalebegiak filmaketen jarraipena egiteko. Esan bezala, hil honen bukaeran ekingo diete filmaketei, eta urte bukaerarako 6-8 lanen filmaketa bukatuta izatea espero dute. Koldo Almandozen film laburra izango da filmatzen hasiko diren lehenengoa.