Alegazioak aurkezteko epea gaur amaituko da. Bizilagunak kezkatuta azaldu dira Amara Bai auzo elkarteak antolatutako bileran. «Donostia behera etorriko da», diote.

Herritar bat, bilera hasi aurretik, Metroari buruzko oharrak irakurtzen. (Argazkia. Aritz Sorzabal)
Amara Bai auzo elkarteak batzar informatibo batera deitu zuen asteazkenean, Donostialdeko Metroaren proiektuarekin kezkatuta, gaur alegazioak aurkezteko epea amaitzen dela kontutan hartuta. Hain zuzen ere, azpiegitura erraldoien aurkako ekintzaile Mikel Alvarez aritu zen hizlari gisa, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko asmoz, erakusketa publikoan dagoen txostena oinarri hartuta. Amara Bai auzo elkarteko ordezkari Harkaitz Aranburuk jakinarazi zuen eurek hartu dutela batzarra antolatzeko ardura, proiektuaren «erdi-erdian» daudelako, baina nabarmendu zuen herritar guztiei egokituko zaiela orain egitasmoari aurre egitea.
Hainbat proposamen egin zituzten bileran helburu horrekin, gaur ahalik eta alegazio gehien aurkezteko eskaeraz harago. Esaterako, lan talde bat egituratuko dutela aurreratu zuten, beste auzo elkarte eta herritarrekin batera. Era berean, herri kontsulten araudi berria erabiltzeko aukeraz hitz egin zuten. «Udal teknikoekin hitz egin dugu, eta ikusten duten arazoa da ez ote den tokiko arazo bat baino urrutiago doan zerbait. Jaurlaritzaren proiektu bat denez, kontsultatzeko gaia izan daitekeen edo ez zalantza dute», azaldu zuen Aranburuk.
Amara Bairen egoitzan egindako bileran jende ugari bildu zen, eta obrak eragin ditzakeen kalteekin kezkatuta azaldu ziren. «Donostia behera etorriko da Metroaren lanekin. Etxe askok ez dute zutik iraungo, aurreikusita dituzten lur irekidurak eginez gero. Ni prest nago atez ate joateko, auzotarrei arazoaren larritasunaz ohartarazteko», esan zuen Arrasate kaleko bizilagun batek. «Gure etxea pitzadurak ditu, beheko dendan egindako lanen ondorioz. Zer gertatuko da orduan Metroko obrekin hasten direnean? Inguruan ditugun etxeak egurrezkoak dira, eta hondarraren gainean egin zituzten», azaldu zuen Easo kaleko auzotar batek. «Urbieta kaleko etxabeetan ura sartzen da itsasgorarekin, pentsa… Hiria suntsituko dute, ez da beste inoren beharrik izango suntsitua izan dadin», esan zuen Erdialdeko beste auzotar batek, eta etxebizitzei babes maila emateko eskaera egiteko proposamena egin zuen.
«Hamar minutu oinez»
Mikel Alvarezek jakinarazi zuen alegazioekin proiektua alboratzeko eskatzen dutela, gizarte eztabaida ireki ahal izateko. Alegazio epea maiatzaren 29an ireki zuten; «isilean», Alvarezen hitzetan. «Hauteskundeen ondorioz udalean egon den aktibitate eza baliatu dute, gainera», zehaztu zuen.
Proiektuari dagokionez, egitasmoak ez duela beste garraio alternatibekiko inongo alderaketarik jasotzen kritikatu zuen, eta ez dutela errentagarritasun sozial eta ekonomikoari buruzko inongo azterketarik egin azpimarratu zuen. Arrazoi horiez gain, egitasmoak ez dituela ingurunearen baldintzak kontutan hartu azpimarratu zuen, «hiri azpian azpiegitura erraldoi bat eraikitzea oso konplexua izan arren».
Alvarezen esanetan, «16.000 biztanleko gune batean egin nahi dute Metroa, hamar minutu oinez behar direnean zeharkatzeko. Erdialdean egokitu nahi dute, bai ala bai». Kontxa azpian 300 metroko ibilbidea egitea aurreikusi dutela eta lurperatuko duten zatian 311 etxebizitza daudela nabarmendu zuen. Proiektuak 1.160 milioi euroko kostua lukeela erantsi zuen.