Metroari buruz gizarte eztabaida sustatzeko eskatu diote Jaurlaritzari
Hainbat herritar, elkarte eta eragilek agerraldia egin zuten atzo, Donostialdeko Metroari buruzko egitasmoarekin kezkatuta. Easo plazako geltokiaren aurrean elkartu ziren, eta proiektua inguratu duen «ilunkeria» eta «informazio gabezia» salatu zuten. Izan ere, herritarrek azken unean erantzun izan ez balute, alegazioak aurkezteko epea oharkabean pasako litzatekeela nabarmendu zuten.
Hain justu, herritarren erantzunak 400 alegaziotik gora aurkezteko aukera eman du, eta horietatik gehienek atzoko agerraldian aldarrikatutakoa eskatu dute: proiektuaren izapideak etetea, gizarte eztabaida susta dezaten.
Metroaren gaiari heltzeko sortutako herritar taldeko ordezkari Mikel Alonsok eta Fatima Aristimuñok hartu zuten hitza. Parte hartze publikoa «larriki» kaltetu dutela berretsi zuten, euren hitzetan, egitasmoaren erakusketa publikoa egiteko garaia eta aztertzeko emandako denbora ez direlako egokiak izan. Aste honetan bertan izandako pasarte bat jarri zuten adibide gisa: alegazioak aurkezteko epea uztailaren 21a arte luzatu dute, udalak eskatuta, baina, nahiz eta uztailaren 3tik luzapena indarrean egon, horren berri egunotan izan dute, prentsaren bitartez.
Hala ere, herritarren erantzuna sendoa izan dela adierazi zuten, bai aurkeztutako ehundaka alegazioengatik, baita egunotan egindako bilera kopuruarengatik ere. Hurrengoa astelehenean egingo dute, Amara Bai elkartearen egoitzan, 19:00etan. Herritarrei egin diete dei, alegazioak aurkezteko epea amaituta, zein bide jarraitu erabakitzeko. Ideiak eta ekarpenak jaso nahi dituzte, «hurrengo urratsak denon artean zehazteko».
Zalantza asko
Herritarrek izandako bileretan, egitasmoak zalantza asko eragin dituela nabarmendu zuten Alonsok eta Aristimuñok: «Bilera horietan, Metroaren egitasmoa ezbaian jarri duten hainbat galdera eta kritika planteatu dira: batetik, azpiegitura horrek hirigintza-ondarearen alorrean, ingurumenean eta gizarte arloan eragingo lituzkeen ondorioen mailan; bestetik, garraio publikoa sustatzeko Donostian, lur azpiko Metro bat eraiki ordez, malgutasun handiagoa eta kostu ekonomiko txikiagoa duten beste alternatiben aurrean egitasmo honetan nabarmentzen den justifikazio eta arrazoiketa faltari buruz ere».
Egitasmoa ez dagoela justifikatuta azpimarratu zuten: «Nola justifikatu daiteke trenbide azpiegituren zabaltze gogor hori, hiri-erdialdeko eta Amarako hainbat eraikinetan eragindako arrisku itzelak kontutan hartuta, edota Kontxako hondartzaren zorupea zulatuta kostaldeari ere kaltetzen diola ikusita? Nola egin daiteke 175 milioi euroko gastu publikoa, gehi desbideraketak, proiektuaren errentagarritasun sozial eta ekonomikoari buruz inolako azterketarik agertu gabe?».
Egitasmoak trenbidea lurperatzea aurreikusi du, eta hiru geltoki eraiki: Easo, Antigua-Benta Berri eta Erdialdea-Kontxa. Eusko Jaurlaritzaren Aldizkari Ofizialak atzo bertan argitaratu zituen ibilbidearen proiektua idazteko xedapenak.
Hain zuzen ere, lizitatuko luketen ibilbideak 4,2 kilometroko luzera izango luke. Egitasmoak Kontxa azpian 300 metroko ibilbidea egitea aurreikusi du, eta lurperatu nahi duten zatian 311 etxebizitza daude, erakusketa publikoan dagoen txostenaren arabera. «Kilometro bakoitzak 55 milioi euroko kostua izango luke, 600 euro milimetro bakoitzeko», ohartarazi zuen Alonsok.