«Atzerapauso handia da hiriarentzat»
Zezenketak egingo dituzte berriro Donostiako Aste Nagusian, hiru urte geroago. Erabakia gogor kritikatu du zezenketen aurkako taldeko ordezkari Nora Barraguesek, eta manifestazio bat iragarri du abuztuaren 9rako.
Nora Barragues, Donostia Antitaurina Orain plataformako kidea
Udalak zezenketak egiteko baimena eman dio Chopera familiari, eta, hiru urteren ondoren, Illunbe zezen plaza bihurtuko dute berriz. Aste Nagusian zezenketak egingo dituztela iragartzearekin batera, mugimendu antitaurinoa suspertu da. Donostia Antitaurina Orain plataformak 12.000 sinaduratik gora bildu ditu «praktika zaharkitu eta krudel honen aurka». Nora Barragues (Altza, 1992) Askekintza Animalista elkartetik iritsi da plataformara, eta komunikazio arduradun gisa hasi da lanean. Zezenketak egin diren urte guztietan bezala, manifestazioa egingo dutela, eta hainbat ekintza egingo dituztela jakinarazi dio IRUTXULOKO HITZAri. Zezenketak berriz egingo diren albistearekin suspertu da zuen plataforma edo aktibo egon zarete beti? Egia esan, bi Aste Nagusi izan dira soilik zezenketarik gabe. 2012. urtean azken zezenketak egin zituzten Illunben, baina ez hiria antitaurino izendatu zutelako, Bilduk gobernatu duen bitartean zezenketak egiteko baimenik eman ez dutelako baizik. 2013an Donostia Antitaurina Orain plataforma osatzen zuen erakunde batek zezenketarik gabeko hiri bat aldarrikatzen jarraitu zuen, baina bai, plataforma osoa orain suspertu da berriz. 2011. urtean sortu genuen helburu zehatz batekin: zezenketen aurka agertzen ziren elkarte eta kolektibo donostiarrak batuz eta elkarrekin lan eginez, hiri antitaurinoa lortzea. Nola jakin zenuten berriz ere zezenketak egingo zirela Illunben? Choperatarrek ekainaren 19an prentsa ohar bat kaleratu zuten. Bertan azaldu zuten Donostiako Udalaren baimenari esker abuztuaren 13, 14, 15 eta 16an zezenketak antolatuko zituztela. Hala ere, horrek gure susmoak berretsi besterik ez zituen egin. Izan ere, EAJ, PSE-EE eta PP beti agertu dira zezenketen alde, eta argi genuen agintera bueltatuz gero zezenketak baimenduko zituztela berriz Illunben. Nola baloratzen duzue EAJren erabakia? Erabaki hau, gure ustez, atzerapauso handia da hiriarentzat. Lotutako akordioak Donostiako hiritarren iritzia kontuan hartu gabe egin dituzte, eta interes politiko eta ekonomikoak animalien eskubideen gainetik jarri dituzte. Aurtengo Aste Nagusian zezenketak antolatu ahal izateko baimenak korrika eta presaka bete dira, zezenketak gelditzeko edozein ekintza gauzatzeko denborarik eman gabe. Zentzu horretan, udalak zikin jokatu duela uste dugu. Gero eta hiriburu eta herri gehiagok antitaurino izendatu dute beren burua, eta hemen kontrakoa gertatu da: zezenketak oraindik kulturatzat jotzen duen hiriburua dugu Donostia, eta hauek antolatzeko erraztasunak ematen hasi gara berriro, nahiz eta jende askoren ustez zezenketak egitea eztabaidagarria izan.Interes politiko eta ekonomikoak animalien eskubideen gainetik jarri dituzteZer eskatzen diozue udal gobernu berriari? Bilerarik izan al duzue beraiekin? Eta udalean ordezkaritza duten beste alderdiekin? Gure eskaera zein den argi daukagu: Donostia hiri antitaurino izendatzea nahi dugu. Ez dugu udal gobernuarekin bilerarik izan, momentuz ohiko mozioaren bidez gure eskaera politikariei mahai gainean jarri ahal izango diegu –atzoko udalbatzarrean eztabaidatutako mozioa, hain zuzen ere. ‘Tortura ez da kultura’ aldarrikatzen duzue. Donostia 2016 Europako Kulturaren Hiriburua izanda, gure herrialdeko kulturak errespetua sustatu behar duela uste dugu. Horrek gure aisialdia beste izaki bizidunen kontura sustatzen dituzten ekintzak baztertzera eramaten gaitu, interes ekonomiko eta politikoak animalien gainetik jarri gabe. Ezin da dena kulturatzat hartu; kultura, balio eta tradizio guztiak ez dira errespetagarriak gizakien zein animalien bizitza errespetatzen ez duten bitartean. ‘Change.org’ plataforman 12.000 sinaduratik gora lortu dituzue. Helbururen bat finkatu al duzue? Ez diogu sinadura bilketari muga finko bat ipini: geroz eta sinadura gehiago, geroz eta presio gehiago egin ahal izango dugula uste dugu. Sinadura bilketak zezenketekin gertatzen ari dena geroz eta hiritar gehiagorengana iristea laguntzen du baita ere. 1993. urtean Gallup enpresak kaleratu zuen galdeketen emaitzak aipatzen dituzue ‘Change.org’ plataforman abiatutako eskaeran. Gipuzkoarren %72k zezenketekiko interesik ez zuten zezen plaza bat egiteko. 1985. urtean Donostian zezen plaza eraikitzearen aurkako protestak hasi ziren. 1993. urtean erreferendum bat eskatu zuten kontsulta egiteko, baina eskaera hori ez zen aintzat hartu. Odon Elorza garaiko alkateak hitza eman zuen erreferendum bat egingo zuela donostiarren iritzia jakiteko, baina ez zuen inoiz egin. Urte berean aipatzen duzun inkesta egin zuten, non hiritarren %72a aurka agertu zen. Beraz, garbi ikusi zen biztanle gehienak zezen plaza eta zezenen erailketaren aurka zeudela. Hala ere, protestei eta inkestei kasurik egin gabe, eta gipuzkoarren gaitzespena kontutan hartu gabe, zezen plaza eraiki zuten.
Turismoaren bidez zezenketek dirua ekartzen dutela esatera iritsi diraOrduan 14.000 sinadura bildu zituzten zezen plazaren aurka. Bai, eta Europako herrialde askotako ehunka elkartek gutunak bidali zizkioten Odon Elorzari, zezen plaza geldiarazi zezan. Urte hartan zezenketen aurkako mugimenduaren koordinakundea sortu zuten. Bertan era askotako talde sozialak bildu ziren; Eguzki, adibidez. Azken hau mugimenduaren buru izan zen. Herriaren aldarria ekintza zehatzen bidez bideratu zuen, egoera salatuz: idatziak, manifestazioak, gutunak, udalari eskaerak bidali eta elkarretaratzeak egin. Illunbeko lanak «lizentziarik gabe» egin zituztela eta Nuevo Desarrollo de Anoetari nahieran eta ilegalki Ilunberen kudeaketa adjudikatu zitzaiola salatu duzue. Zein irregulartasun eman dira? Irregulartasunen zerrenda eta diru publikoaren galera izugarri luzea da. Illunbe inguruan zeuden 224 zuhaitz bota zituzten. Mozketa masibo hau baimenik gabe egin zuten. Ondoren, Nuevo Desarrollo de Anoeta enpresari gunearen ustiapena eman zitzaion zezen plaza egin ahal izateko. Donostiako udalak lursail horiek birkalifikatu zituen zezen plaza eraiki ahal izateko. 1997. urtean, zezen plazako obrak baimenik gabe hasi ziren. Eta gunea amaitu ondoren Warner enpresari espazio bat doan eman zion. 2.000 milioi pezeta galdu zituen udalak jarduera honetan. Chopera familia da Nuevo Desarrollo de Anoetaren jabea. Azken urteotan Kirol Patronatuak plazaren alokairurako ofizialki agintzen dituen prezioen bosten bat besterik ez du ordaindu. Beraiek jasotako onurak, urtero errepikatzen diren kalte ekonomikoak sortu dizkio udalari. 12 urtean zehar bulego bat utzi diete doan Kursaalen, sarreren salmentarako. Horretaz gain, zezenketak kentzearen ondorioz eta kalte-ordain gisa, udalak 21 milioi euro ordaindu behar izan zizkien Choperatarrei. Guztiz iskanbilatsua da hau. Esleipena komenentziaz egin zela salatu zuten, eta Espainiako Auzitegi Gorenak horrela onartu zuen. Odonek zezen plazak ez zuela diru galerarik ekarriko ziurtatu zuen, eta gezur hori errepikatzen duten bitartean, datuek kontrakoa esaten dute. Turismoaren bitartez, zezenketek dirua ekartzen dutela esatera iritsi dira. Kanariar Irlak eta Kataluniaren kasuek aurkako datuak adierazten dizkigute, zezenen heriotza eta tortura kentzeak ez baitu inolako eraginik izan turismoan. Zer egingo duzue zezenketen aurka protesta egiteko? Zezenketak egin diren urteetan egin dugun bezala, manifestazioa egingo dugu. Abuztuaren 9an izango da, eta Bulebarreko kioskotik irtengo da, 18:00etan. Manifestazioarekin batera, jendeak parte hartzeko beste ekintza bat antolatzen hasi gara baita ere. Bestalde, manifestazioa egin baino lehen hainbat ekintza egin nahi ditugu aldarrikapen moduan, baina ekintza nagusia manifestazioa izango da.