"Euskararen alde arduraz lan egiteagatik" aukeratu dute Donostiako Piratek tokiko hedabidea.
Ezkila kapitaina eta Matti, Stop Kaleratzeak mugimenduko kideekin batera, 2013. urtean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Matti pertsonaiak urtero balio edo ideia bat ordezkatzen du
Aste Nagusi Piratan. Aurten,
euskararen zabalpena nabarmendu dute, eta IRUTXULOKO HITZAk beteko du Matti pertsonaiaren papera, “euskararen alde arduraz lan egiteagatik”. Piraten kofradia guztien artean aukeratu dute Irutxuloko Hitza: “Badira urte batzuk Irutxuloko Hitzak jarraipen berezia egiten diola Piraten Aste nagusiari, eta maitasunez egindako lana egin dutela ikusten da”.
Hain zuzen, aurten
hamar urte egin ditu Donostiako tokiko euskarazko hedabideak, eta 2005ean bidea hasi zuenetik Aste Nagusi Pirataren berri eman du bere orrialdeetan. Aste Nagusian paperezko ediziorik argitaratu ez duen urteetan
Irutxulo.hitza.eus eta sare sozialen bidez zuzeneko kontakizuna egin du.
Piratek azaldu dute beti euskaraz abordatu dutela Donostia, eta hala jarraitzea ezinbestekoa dela, “piraton nortasuna adierazteko tresna ere badelako”. gainera, mugimenduaren asanblada irekietan euskara indartzeko beharra azaldu da, eta
euskalzaletasuna landuko duen lan talde bat sortu dute. Aste Nagusiari begira lehen urratsak emango dituzte: euskararen presentzia bermatu eta indartu nahi dute jaien esparruan, eta euskaltzaletasuna zabaldu eta euskaltzaletasunera jendea erakarri nahi dute.
Aurreko urteetan Gipuzkoako Abortoaren Aldeko plataforma, Stop Kaleratzeak eta Martuteneko bizilagunak izan dira Matti. Piraten ordezkari Ezkila kapitainarekin batera joan ohi da Matti, jaien eta baloreen lanketaren arteko lotura askaezinaren erakusgarri.
Aste Nagusi Pirataren aurtengo kartela.
Ezkila Kapitainaren ‘look berria’
Partxe bat begian, zapi beltza buruan, gorri-beltz jantzia eta kanpai hotsarekin Aste Nagusi Pirataren norabidea adierazten duen pertsonaia da Ezkila, Piraten Aste Nagusiaren kapitaina, eta itxura eraberrituarekin etorriko da aurten: panpin bat izango da. Urte osoan zehar piratek eskuz egin duten panpina.
Urtero bezala, Donostiako Piraten kofradia baten bidelagun izango da Ezkila Kapitaina.
Xibaro Kofradiak izango du ohorea aurten, elkartasunari helduz. Xibaro kofradiak, bizipozari uko egin gabe eta ziega ilunetan, urruneko txokoetan eta mendietako sasietan dauden euskal xibaroak ahaztu gabe, gune askeak sortzen dihardu. Hortaz Ezkila Kapitaina, Xibaroen elektrotxarangan, dispertsioaren aurkako egunean edota Xibaroen egunean ikusi ahal izango da, baita txupinean, abordatzean, eta beste hainbat ekitalditan ere.
Nor da Matti?
Matti izeneko pertsonaia ez dute hutsetik asmatu.
Martin de Villafranca Donostiako kapitainari egindako keinu txikia da. 1615. urtean Islandian bidegabeki erail zuten. Garaiko dokumentuen arabera, 1615a urte zaila izan zen Islandian, uda amaitu zen arte kostaldeak izoztuta izan baitzituzten, eta horregatik, azienda asko hil egin zitzaien. Udaren erdialdera Euskal Herriko hiru itsasontzi baleazale Islandia ipar mendebaldeko erpineko herri batera heldu ziren Reykjarfjörður-era hain zuzen. Islandiarrek eta euskaldunek aurretik hainbat aldiz egin zuten moduan, akordioa egin zuten irabaziekin bi parteak atera zitezen irabazten. Irailaren amaieran itsasontziak berriz itsasora jotzeko prest zeudela, izugarrizko enbatak itsasontziak amildegietara bultzatu zituen eta erabat suntsitu zituen.
Hiru ontziak hondoratu egin ziren, eta hainbat arrantzale hil zen egun hartan. Eskifaiaren gehiengoa, dena den, — laurogei bat lagun— bizirik atera zen. Pedro Agirre eta Esteban Telleria kapitainen gizonek Patreksfjörður eskualdeko Vatneyri herrixkan eman zuten negua eta hurrengo urtean itzuli ziren etxera. Martin de Villafrancak zuzendutako eskifaia, berriz, bitan banandu zen: talde batek norabide bat hartu zuen (Ísafjarðardjúp fiordo alderantz) eta besteak lehendabizikoz Bolungarvíkera eta gero Þingeyrirantz jo zuen. 1615Eko urriaren 13an Martin Villafrancakoa, kapitain donostiarra, eta bere taldekideak ziren beste hamazazpi lagun Ísafjarðardjúpeko Æðey eta Sandeyrin herrixketan erail zituzten, dokumentuek frogatzen dutenez. Urriaren 5ean eskifaiaren beste zatia eraso zuten, 13 pertsona hilez. Bat baino ez zen bizirik atera.
Hilketaren erabakia Ögur herriko Ari Magnússon agintariak hartu zuen, 1615eko urriaren eta 1616ko urtarrilaren artean. Bere itsasontziak urperatu eta gero, 1281eko Islandiar kodea hautsi zutela eta kriminal izendatu zituzten. Zigor bakarra heriotza zen, eta hala hil zituzten bertan. Ondoren, hainbat intelektual Islandiarrek idatzi izan dute euskal marinel haiena heriotza bidegabea izan zela.