IRUTXULOKO HITZA aurtengo Aste Nagusi Piratako Matti pertsonaia da; euskal hiztunak ez ezik erdaldunak ere Donostiako plazara ekartzen jarraitzeko konpromisoa hartu du.
Nerea Lizarralde
Euskararen alde arduraz lan egiteagatik, Donostiako Piratek IRUTXULOKO HITZA hautatu dute Matti izateko, eta Aste Nagusi Pirataren hasieran izan da Ezkila kapitaina eta kofradietako kideekin batera. Jaietako lehen egunean pregoia irakurri eta txupina pizteko ohorea izan du tokiko hedabideak.
Irutxuloko Hitzaren pregoia:Esku artean dudan hau altxorraren mapa da. Euskal piratok dugun ondare baliotsuena etxean dugula gogora ekartzen digu egunero. Ez dago galbiderik, Irutxuloko Hitzako orrialdeak irekitzearekin nahikoa da altxorraren kutxara iristeko. Gure irakurleek ondo ezagutzen dute bidea, hamar urte eman baititugu elkarrekin. Kutxaren barruan, mendetan babestutako altxorrak bere horretan dirau, erasoak eraso. Aspaldi zabaldu genuen barruan gordetzen duen aberastasuna. Hori baita gure altxor maitatuaren berezitasun nagusia: erabilia izateko jaio zen, guztien artean konpartitzeko.Irutxuloko Hitzak, Bagera Elkartea bidelagun: herri mugimenduari ahotsa ematen; auzoen egunerokoari tartea egiten; tokian tokiko informazioa zabaltzen; eta euskal hiztunak ez ezik, erdaldunak ere Donostiako plazara ekartzen jarraituko du. Guztion artean lortuko dugu Irutxuloko Hitzak indartsu aurrera egitea. Horregatik, irakurri, bizi eta gozatu euskaraz!
Euskararen zabalpena
Matti pertsonaiak urtero balio edo ideia bat ordezkatzen du Aste Nagusi Piratan. Aurten, euskararen zabalpena nabarmendu dute, eta IRUTXULOKO HITZAk beteko du Matti pertsonaiaren papera, “euskararen alde arduraz lan egiteagatik”. Piraten kofradia guztien artean aukeratu dute Irutxuloko Hitza: “Badira urte batzuk Irutxuloko Hitzak jarraipen berezia egiten diola Piraten Aste nagusiari, eta maitasunez egindako lana egin dutela ikusten da”.
Hain zuzen, aurten hamar urte egin ditu Donostiako tokiko euskarazko hedabideak, eta 2005ean bidea hasi zuenetik Aste Nagusi Pirataren berri eman du bere orrialdeetan. Aste Nagusian paperezko ediziorik argitaratu ez duen urteetan Irutxulo.hitza.eus eta sare sozialen bidez zuzeneko kontakizuna egin du. Aurtengo Aste Nagusian zuzeneko jarraipena egingo du egunero, eta hilaren 14an jaiei buruzko zenbaki berezia argitaratuko du.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea