Abuztuaren 31ren etorrerarekin, 1813. urteko sarraskia gogora ekarri du Donostia Sutan elkarteak. Oroimen eguna «festa militar hutsa» bilakatu dutela kritikatu du.

Parte Zaharreko kaleak hartu zituzten astelehenean, 1813. urteko abuztuaren 31n gertatutakoa gogora ekartzeko. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostia Sutan izeneko elkartea 1813. urteko abuztuaren 31n eta ondorengo egunetan gertatutakoa gogora ekartzeko sortu zuten. Astelehenean antolatu zituzten hiria suntsitu zuteneko data gogoratzeko jarduerak, eta Donostia Sutan elkarteak kritikatu du «inongo jarrera kritikorik gabe» egin dituztela, «1.600 errugabe donostiar krudelki erailak izan zirela» ahaztuta.
Oroimen jarduerak «festa militar hutsa» bilakatu dituztela salatu du elkarteak: «Tragedia hura oroitzeko badira forma egokiagoak. Ez gaude ados gertatu zena ezkutatu nahi dutenekin».
Bildutako garaiko 79 testigantzen bitartez, elkarteak frogatutzat ematen du hiria suntsitu eta herritarrak hil eta bortxatu zituztenak aliatuak izan zirela. Hortaz, ez du ulertzen nola den posible soldadu horiek oinarri desfile bat egitea, «inongo edukirik eta sarraskiaren inguruan inolako jarrera kritikorik gabe».
Donostia Sutan elkartearen iritziz, «herri guztiek euren memoria historikoa duten nortasunari ahalik eta estuen lotuta joan behar dutela uste dugu, munduko herri eta komunitate guztiek horrela egiten baitute». Hori dela eta, «erakustaldi militarrak» gorestu beharrean, gertatutakoa gogora ekartzea litzatekeela egokiena nabarmendu du, «erail zituztenei» ohore eginez.
Arratsaldetik gauera
Abuztuaren 31n egindako jarduerei dagokienez, herritarrek Parte Zaharreko kaleak hartu zituzten astelehenean. Soldaduak, danborrariak, abesbatzak, agintariak, kalean bildutako herritarrak, bisitariak… jende andana bildu zen arratsaldetik gauera aurreikusitako jarduerak bertatik bertara jarraitzeko.
Abuztuaren 31 kalea egunaren erdigunea izan zen, baina beste bazter batzuetan ere antolatu zituzten zenbait ekitaldi. Esaterako, Bulebarra eta San Jeronimo kalearen arteko kale-kantoian lore eskaintza egin zuten; Donostia suntsitu eta gero, Zubietako itunaren bitartez hiria berreraiki zutela dioen oroigarrian, hain justu.
Egun argiz egin zuten omenaldia, Eneko Goia alkatea buru; gauez, berriz, argiak itzali eta kandelen bitartez kaleak argiztatu zituzten, ohi bezala.