Salaketa jarri dute epaitegian, Kortxoenearen eraisteak legea betetzen ez duelakoan
Kortxoenea eraisteko lanak hasi dira. Asmo horrekin hondeamakinak iritsi dira Groseko gaztetxera, eta eraikinaren ingurua zulatzen hasi dira. Jendea bildu da gaztetxearen inguruan, eta Ertzaintzak hesia egin du inor igaro ez dadin.
‘Gaztetxea bizirik’ gisako leloak oihukatzen ari dira, eta gero eta jende gehiago gerturatzen ari da; Bilduko Hirigintza zinegotzi ohi Ricardo Burutaran eta Partaidetza zinegotzi ohi Axier Jaka, tartean. Bilduko kideak egungo Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosekin hitz egin dutela jakinarazi dute, eraiste lanek lege baldintzak betetzen ez dituztelakoan, eta lanak bertan utz ditzaten. Tekniko bat bidaliko duela izan da Ramosen erantzuna.
Hain zuzen ere, udalak uztailaren 14an eman zion orubearen jabeari eraikina eraisteko baimena, baina ez dute ez hesirik eta ezta segurtasun neurririk egokitu. Era berean, kaleratze baimenik ere ez dute ekarri, bertan daudenek dituzten eskubideak bermatu gabe. Hortaz, gaur izan dute eraistearen lehen berria, eta horregatik ezin izan dute barrualdea hustu. Honengatik guztiagatik, salaketa jarri du epaitegian gaztetxeko abokatuak.
Jabearekin hitz egin dutela jakinarazi du abokatuak berak: “Jabearen jarrera harroputza da, eta mehatxutzat hartu du jarritako salaketa, bost urte hauetan eraikinean ezer ez dugula egin argudiatuta; pareta batzuk margotu, besterik gabe. Eskubide batzuk dute eraikinean daudenak, legez hala da. Eraisten badute, kanporatze agindurik gabe, kalteak eskatuko ditugu”.
Gaztetxeko kide Alex Martinezen hitzetan, “bagenekien proiektu bat dutela esku artean, baina bapatean etorri dira eraistera, gutxieneko neurriak hartu gabe: gauzak barruan egonda, hesiak jarri gabe, autoak inguruan daudela. Eskubide batzuk ditugu, eta hori ulertu behar dute. Ez digute ohartarazpenik eman, bost urte daramagunean espazio hau eraikitzen. Protokolo bat jarraitu behar dute, denborarekin esan. Baina formak ez dituzte errespetatu, eta horregatik jo dugu epailearengana”.
Kortxoenea alternatiba kultural, sozial, politiko eta kolektiboak garatzea ahalbidetzen duen gune aske, autogestionatu eta asanblearioa da. Bost urte bete ditu aurten, hutsik zegoen eraikina edukiz betetzeko erabaki zutenetik.