Kortxoenea eraistearen aurka mobilizatzen ari dira
Igandean, estropada egunean, ekitaldi bat egingo dutela iragarri dute.
Groseko gaztetxearen aldeko aldarria gero eta ozenagoa da. Ostiral goizean eraikina botatzeko lanak eten eta gero, arratsaldean manifestazioa egin dute. Kortxoenean elkartu dira 19:00etan, eta ehunka herritar bildu dira Groseko kaleetan barrena ibili den manifestazioa. Protesta bukatutakoan, berriz sartu dira gaztetxera. Ertzainak etorri ere egin dira, lokala husteko asmoz, baina joan egin dira azkenean.
Goizean langileak eraikina botatzeko epailearen baimenik gabe joan direla salatu dute gaztetxeko kideek, bertan daudenek dituzten eskubideak bermatu gabe. Hortaz, gaur izan dute eraistearen lehen berria, eta horregatik ezin izan dute barrualdea hustu. Honengatik guztiagatik, salaketa jarri du epaitegian gaztetxeko abokatuak
Gaztetxeko kideek adierazi dute larunbat goizean prentsaurrekoa egingo dutela Kortxoenearen egoeraren berri emateko. Eraikina eraistearen aurkako mobilizazioekin aurrera jarraituko dute. Igandean, estropada egunean, ekitaldi bat egingo dutela iragarri dute.
Kortxoenea alternatiba kultural, sozial, politiko eta kolektiboak garatzea ahalbidetzen duen gune aske, autogestionatu eta asanblearioa da. Bost urte bete ditu aurten, hutsik zegoen eraikina edukiz betetzeko erabaki zutenetik. 2010eko ekainean sortu zuten Kortxoenea gaztetxea, eta geroztik hainbat kultur jarduera bultzatu dira bertatik. Gaztetxearen bosgarren urtemuga dela eta Kortxoeneari buruzko dokumentala egiteko proiektu bat abiatu zuten udaberrian.