Aurkariak dira egun, bata beltzez eta bestea arrosaz, baina batera hasi zuten euren ibilbidea traineruan, Ur-Kirolaken; baliteke bietako batek Kontxako Bandera astintzea igandean.
Amaiur Esnaola eta Laura Goldarazena; arraunlariak.
Amaiur Esnaola eta Laura Goldarazena. (Argazkia: Estitxu Zabala)
San Juan, Hibaika eta Zumaia hiru segundoren bueltan helmugaratu ziren lehen jardunaldian;
Batelerak ontzian aritu zen Laura Goldarazena (Parte Zaharra, 1991), eta
Madalenen, berriz, Amaiur Esnaola (Intxaurrondo, 1992). Euren sentipenen berri eman diote IRUTXULOKO HITZAri.
Non eman zenituzten zuen lehen paladak?
Laura Goldarazena (L. G.) : Fortunan hasi nintzen 17 urte nituela, bateletan, lagun baten bitartez, eta lehen momentutik harrapatu ninduen arraunak. Urte hartan Urkiko traineruan ere ibili nintzen. Hurrengo denboraldian, San Juanera joan nintzen, eta han nago ordutik.
Amaiur Esnaola (A. E.) : Urkin hasi nintzen, 11 urterekin, eta sei denboraldi egin nituen aulki mugikorrean. Jubeniletako lehen urtean nintzela, Urkin trainerua atera genuen, eta hurrengo bi udaratan Hondarribian aritu nintzen traineruan. Hortik Hibaikara joan nintzen, eta laugarren denboraldia egiten ari naiz han.
Euskotren Ligan eta Gipuzkoako Ligan aritu zarete aurten. San Juan izan da txapelduna Euskotrenen. Pozik ezta, Laura?
L. G. : Aldaketa dezente izan ditugu taldean, eta berriro taldea batzea izan zen hasierako helburua. Gauzak ongi atera dira eta lortu dugu berriro irabaztea. Iaz Hibaikarekin izan genuen lehia, eta aurten Zumaiarekin, eta bukaeran Hibaikak egin du gora. Aurten zailagoa egon da irabazteko, tarteak txikiagoak izan direlako gure artean, baina pozik irabazitakoarekin. Euskotrenen bost bandera lortu ditugu, eta Gipuzkoako Ligan bat.
Zuek gustura zaudete, Amaiur?
A. E. : Kanpoan aritu naiz ikasten eta aurten ez nuen arraunean egiteko asmorik. Negua oso gogorra izan da Hibaikan, arraunlari faltan ibili dira, eta, azkenean, beste batzuk sartu behar izan gara. Taldearentzat urte gogorra izan da, baina denboraldiaren une honetara gainontzeko goiko taldeen mailan iritsi gara.
Iaztik hona nabaritu da emakumeen arraunean jauzi garrantzitsu bat. Mailak orokorrean gora egin du eta, oso pixkanaka bada ere, emakumeen arrauna goraka doa, bere zailtasun guztiekin.
Lau traineru berri uretaratu dituzte aurtengo Gipuzkoako Ligan. Harrobia badagoela argi dago, ezta?
L. G. : Bai. Guk klubean nabaritzen dugu. Gaztetxoetan neska pila bat daude. Sortzen ari den guztiak arreta deitzen die eta probatzeko gogoa dute.
A. E. : Ni arraunean hasi nintzenean ez zen emakumeen artean modan zegoen kirol bat. Egun naturalagoa da neska gazteak arraunean aritzea, baina ez da batere erraza. Gure klubaren kasua adierazle da, benetan zaila dela emakume eta arraunlari izatea. Denbora eta konpromiso aldetik asko eskatzen du, eta oraindik kosta egiten da. Ez dakit emakumea edo gizartea den ez dagoena prest.
Zalegoak ere gora egin du.
A. E. : Urkiko trainerua atera genuen urtean, hasiera hartan, uretara sartzen ginenean ez zegoen inor ere, eta ateratzen ginenean senitartekoak egoten ziren. Aldaketa, alde horretatik izugarria izan da.
L. G. : San Juanen beti egon da arraunarekiko zaletasun hori, eta, gizonekin beti egon direnez hor, emakumeekin antzekoa izan da. Hibaikaren kasuan, uste dut Errenterian orain sortu dela gehiago zaletasuna.
A. E. : Beno, ez da marea arrosa, baina zaleak etortzen dira, eta pila bat eskertzen dugu. Niretzako behintzat Kontxan arrapalatik ateratzen garen une hori, denboraldiko momenturik politena da. Hori da arraunean jarraitzeko arrazoietako bat; ikustea jendeak sinesten duela eta babesten zaituela.
Hiru segundotan hiru ontzi zaudete. Zer duzue buruan datorren igandeari begira?
L. G. : Emaitzak ikusita argi dago bi eta hiru segundoko aldea oso txikia dela. Hurrengo iganderako itsaso pixka bat dator eta hor normalean aldeak handiagoak izaten dira. Guk abantaila izatea ongi dago, baina ezin gara itsutu eta datorren igandean berriro ere hutsetik hasi beharko gara.
A. E. : Joan den igandeko estropada oso fisikoa izan zen, eta ikusleei begira ikusgarria izan zen, sortu zen lehiakortasunagatik. Igandeko estropadaren politena hori da, ez dela ezer erabakita utzi. Hiru segundo ez dira ezer ere itsasoan. Ilusio berdinarekin egingo dugu arraunean, Kontxan arraunean egiteak bakarrik bete egiten nau.
Nola bizi dituzue egun hauek?
L. G. : Osteguna izaten da egun okerrena, igandeak lasaiagoak izaten dira. Denboraldia bukatzeak pena ere ematen du, baina orain konturatzen zara zer irabazi duzun eta zein udara igaro duzun. Denboraldi polita egin dugu eta Kontxa irabaztea guztia biribiltzea izango litzateke.
A. E. : Kontxan sartzea sekulako lorpena izan da guretzako. Orain hain gertu gaudela ikusita, sekulako ilusioa dugu. Ez dakit zer suposatuko lukeen Kontxako Bandera lortzeak! Nik Kontxan arraun egitearekin amesten nuenean, gizonen kontu bat zen, eta amets hori egia bihurtu da.
Urkirekin uretaratu zenuten traineru hartatik, ez da emakumeen beste traineru donostiarrik izan orain arte. Etxera itzuliko zinatekete?
L. G. : Ongi iruditzen zait geroz eta traineru gehiago egotea; eta donostiarra izanda, pozik nago. Baina ni orain San Juanen nago, eta ez nintzateke mugituko.
A. E. : Aberasgarria da talde berri bat sortzea Donostiaren izenean. Nik oraindik fitxa Urkin daukat, baina oso zaila da hutsetik hasi eta talde bat gora eramatea. Donostian arraun egitea? Ez dizut ezetz esango, baina berriro hutsetik hasi behar duen talde batean sartzea oso gogorra da.