Galdeketa bat antolatzen ahaleginduko direla adierazi dute, herritarrek proiektu horren aurrean duten iritzia ezagutu dadin.
Errausketaren aurkako giza katea, Kontxa hondartzan. (Argazkia: Gazte Abertzaleak)
Kontxako badian estropadak jokatzen ari zirela baliatuz, errausketaren kontrako giza katea egin dute 300 lagun inguruk. Izan ere, aldundiak Zubietan errauste planta eraikitzeari berrekiteko asmoa du, eta horren aurrean desadostasuna agertzeko elkartu dira, Errausketaren aurkako Koordinadorak, Ekologistak Martxan eta Eguzkik deituta.
Talde horien arabera, aldundiak aurrera eraman nahi duen hondakin politikak “talka egiten du Europako Parlamentuan 2015eko uztailaren 9an onartutako erresoluzioarekin. Bertan esaten denez lehentasuna ematen zaie murrizteari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari eta debekatu egiten da birziklagarri edo konpostagarri diren hondakinak erretzea”.
Koordinakundeko bozeramaile Maria Luisa Sanchezek jakinarazi du galdeketa bat antolatzen ahaleginduko direla, herritarrek proiektu horren aurrean duten iritzia ezagutu dadin. “Errauste planta honek, oso garestia izatez gain (500 milioi euro), elektrizitate ekoizpen txiki bat lortzeko CO2 kopuru handia botako du eguratsera, osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarri diren nitrogeno oxido, dioxina, eta abarrekin batera”, ohartarazi dute.