Igeldoko plazako eraikina konpontzea eta Blas de Otero plaza egokitzea ere adostu du udal gobernuak..

Zubiaurre pasealekuko pasabidea, Intxaurrondon. (Argazkia: Donostiako Udala)
Tokiko Gobernu Batzordea gaur goizean bildu da, eta bertan hartutako erabakietatik lau azpimarratu ditu Eneko Goia alkateak.
Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuko trenbide gaineko pasabidea eraitsi eta berri bat eraikiko dute. Horretarako proiektua enkantean eskaintzea adostu dute; 289.000 euroko aurrekontua izango du, eta lanak lau hilabetean amaitu beharko dituzte.
Renfeko trenbideak auzoa erdibitzen duela adierazi du Goiak, eta pasabide berria ezinbestekoa dela gaineratu du “auzotarren joan-etorria bermatzeko”. Egungo pasabidearen egoera txarra dela eta, duela bi hilabete ere neurriak hartu behar izan zituzten trenbidera harriak erortzen zirelako.
Bestalde,
Igeldoko plazako eraikinaren estalkia berritzeko proiektua Construcciones Murias S.A enpresari esleitu diote. Guztira 40.023,92 euroko aurrekontua izango dute, eta bi hilabetean amaitu beharko dituzte lanak.
Eraikinaren balioa azpimarratu du Eneko Goia alkateak, eta azken proiektu hau aurrez egindako konponketen osagarri izango dela adierazi du. Izan ere, eraikinari teilatua konpondu berri diote, eta oinarrizko lan hauekin eraikinaren mantentzea eta erabilera bera ere “segurtasunez” bermatuko omen dituzte.
Onartutako beste proiektu bat Egiako
Blas de Otero plazakoa izan da. 1,268.000 euroko aurrekontuarekin eta lanak bost hilabetean amaitzeko baldintzarekin eskaini dute enkantean. Hortaz, eremu hori konponduta, Tabakalera eta Nestor Basterretxea plazarekin batera 2016. urte erdialderako inguru osoa txukun egotea espero du udal gobernuak.
Azkenik, Tokiko Gobernu Batzordeak
Edorta Azpiazu Laboa izendatu du
Lehendakaritzako zuzendari.
Udal gobernuaren “gardentasun falta” salatu du EH Bilduk

Josu Ruiz, EH Bilduko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Josu Ruiz, EH Bilduko zinegotzia haserre mintzatu da udal gobernuak batzordeetan duen jarrerarengatik. Bere esanetan, “EAJk eta PSE-EEk atzeraka daramate Donostia. Politika eredu zaharrak berreskuratu dituzte, erabakiak udaletxeko hormen artean hartuz. Bilduk lau urtean parte hartzearen esparruan emandako pauso guztiak desegiten ari dira”.
Haurren aisialdiari begira
auzo bakoitzean gune estali bana sortzeko batzorde bat eratzea proposatu zuen EH Bilduk duela bi hilabete. Irabazi Donostia eta PPren babesa jaso zuten baina udal gobernuak atzera bota zuen proposamena. Ruizek salatu duenez, “udal gobernuak soilik osatutako batzorde bat sortuko omen dute, gainerako alderdiak eta hiriko eragileak kontuan hartu gabe”.
Horixe zen hain zuen ere Bilduren asmoa. Auzo bakoitzeko beharrak, egoera eta erabilera ezagutzeko batzorde ireki bat sortu nahi zuten, alderdi politiko guztiez gain herritarrei eta auzo elkarteei ekarpenak egiteko aukera eskainiz.
Dena dela, beste batzordeetan ere “gardentasun falta” dagoela adierazi du Ruizek. Ogasun batzordeko kasua aipatu du: “denbora kontuak aitzakiatzat hartuta,
informazioa ukatzen digute“.
2015eko
inbertsioetarako 60 milioi euro daudela onartuta jakinarazi du Ruizek. “Inbertsio horietatik zeintzuk egin dituzten jakin nahi dugu; egin ez direnak zein egoeratan dauden; ez badituzte egin zergatik ez dituzten egin; eta azkenik, beraientzako lehentasunezkoak ez direlako zein inbertsio utziko dituzten egiteke”. Zinegotziaren arabera, euren galderak argiak dira, baina “udal gobernuak ez dauka gainerako taldeei informazioa emateko borondaterik”.