Geroz eta harresi gehiagok banatzen du mundua. Gai hau hartzen du abiapuntu gisa Pablo Iraburu eta Migueltxo Molina-ren Harresiak filmak. Eta batez ere, harresien bi aldeetan bizi diren gizakiak dira protagonistak: alde bateko nahiz besteko pertsonak funtsean berdinak direla erakustea da filmaren gakoa. Harresien zentzugabekeria mahai gainean jarri eta ikusarazten du dokumentalak. Larunbat arratsaldean estreinatu zuten filma Principe aretoan, eta ikuskizun berezia prestatu zuten kanpoaldean, emanaldiaren atarian. Ilara luzea zegoen ‘Harresiak’ filma ikusteko zain, eta ustekabean harrapatu zituen San Telmo Museoaren horman egin zuten dantza saioak. Bartzelonako Sacude konpainiako kideak dantzatu ziren San Telmo Museoko aurrealdearen horman, dantza bertikala eginez. Oreka TX-en doinuen erritmoan dantzatu ziren konpainiako kide. Eraikinaren goialdetik, horman zehar dantzatu ziren. Hormatik zintzilik zegoen zapi gorri luze batekin harresi bat irudikatu zuten, eta hura gainditu nahia interpretatu zuten dantzaren bidez.
Dokumentalean hiru harresitako irudiak azaltzen dira: Mexiko eta Ameriketako Estatu Batuen artekoa, Maroko eta Espainia artekoa, eta Zimbabwe eta Hego Afrikaren artekoa. Harresia gainditu nahi dutenen errealitate krudela zein harresiaren zaindarien egunerokotasuna erakutsi dute.
Igor Otxoa donostiarrak ekoizle gisa parte hartu du film honetan, Txalap.art-ekin. Pablo Iraburu eta Migueltxo Molina dira zuzendariak. Biek ala biek elkarrekin lan egin zuten Pura Vida (2012) dokumentala zuzentzen. Arena Comunicacion Audiovisual sortu zuenetik, Iraburuk mundu osoan zehar filmatu ditu dokumentalak Nazio Batuen Erakundearentzat, Manos Unidasentzat, Nazioarteko Kooperaziorako Espainiako Agentziarentzat, Bartzelonako Forumentzat edo Medicus Mundirentzat. Nomadak Tx (2006) dokumentalaren ekoizle eta zuzendarikidea izan zen. Molina Arenako ikus-entzunezko produkzio gehienen gidoigile, argazki zuzendari eta errealizadorea izan da. Desafio 14+1 (2011) programaren errealizadorea ere izan zen; Edurne Pasabán zuen protagonista eta TVEk eman zuen.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea