Donostiako alkate Eneko Goiak enkantea geldiarazteko bitartekotza egingo duela jakinarazi die Stop Kaleratzeak plataformako kideei; ostiralerako bilera bat hitzartu dute.
Elkarretaratzea Erdialdeko Santander bankuaren egoitza aurrean egin dute. (Argazkia: Stop Kaleratzeak)
Hainbat herritar, alderdi politikoetako ordezkari eta gizarte erakundeek
elkarretaratzea egin dute gaur, Martuteneko Luis Fernandezi euren babesa adierazteko. Izan ere, Stop Kaleratzeak plataformak azaldu duenez,
Santander bankuak Fernandez eta bere familiaren etxebizitza enkantean jarri nahi du. Horregatik, enkantea bertan behera gelditzeko eskatu eta Martutenekoak mailegua ordaindu ahal izateko bigarren aukera bat negoziatzea eskatu dute bertaratutakoek. Bankuak Askatasunaren hiribidean duen egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea.
Lan istripu baten ondorioz, kamioi gidari bezala zuen lana galdu zuen Fernandezek duela zazpi urte. Honela, eta krisi ekonomikoaren eraginez, maileguen kuotak ezin ordaindu ibili da Martutenekoa. Stop Kaleratzeak plataformako kideen arabera, Santander bankuak
praktika onen kodea jarraitzen du, hau da, bere bezeroei jakinarazi behar die bazterketa sozialean erortzeko arriskuan dauden hipoteka-zordunentzako aurreikusia dauden neurriak. “Baina betebehar honi muzin egiteaz gain, familia honi
ez dio sekula bere maileguari aurre egin ahal izateko alternatibarik eskaini. Are gehiago, zailtasun ekonomikoak jasan dituenean, hipotekaren auzi eske betearazlea aurkeztu du”, salatu dute.
Orain,
Donostiako Epaitegiak enkantea ospatzeko eguna urriaren 27rako aurreikusi du. “Epaitegiak ez du Luisen hipoteka-maileguaren kontratuak dituen abusuzko klausulak aztertu, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak hau egitera behartzen du. Epaitegiak egin beharrekoa beteko balu, Luis eta bere familiak ez lukete euren burua egoera honetan ikusiko”, salatu dute.
Alkatea, bitartekaritza lanak egiteko prest
Egoera honen aurrean, beraz, Donostiako alkateari dei egin diote inplikatu dadin. Elkarretaratzea baino lehenago, ordea,
Eneko Goia alkateak telefonoz hitz egin du Stop Kaleratzeak plataformako kideekin, eta enkantea gelditzeko bitartekaritza lanak egiteko prest azaldu da, Hortaz, ostiralean bilduko da alkatea plataformako kideekin. Stop Kaleratzeak bankuari proposamen bat aurkeztu dio, Martutenekoaren egoera hobetuko duen eskaera baten bidez. Idatzi hori alkate eta gainontzeko udal taldeei ere helaraziko diete, “negoziazioak errazteko”.
Era berean,
Donostia kaleratzerik gabeko udalerri izendatua izan dadin aurkeztu zuten mozioa bihar egingo duten udalbatzarrean onartua izatea espero dute. “EH-Bildu, PSE-EE eta Irabazi-ko udal taldeek mozioa babesteko konpromisoa jada azaldu diguten arren, EAJ eta PPren laguntza ere izatea gustatuko litzaiguke; eta, hortaz, dei egiten diegu haiek ere mozioa babestu dezaten”, amaitu dute.