Loiolako topoaren behin behineko geltokia. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Eusko Jaurlaritzak Loiolako geltoki berria eraikitzeko eta ingurua berritzeko proiektuaren lanak esleitu ditu, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez.
Obra zibila gauzatzeko kontratua Altuna y Uria, Comsa eta Moyua eraikuntza enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari esleitu zaio. 9.193.706 euroko aurrekontua du eta burutzapenerako epea 18 hilabetekoa da.
Jaurlaritzak jakinarazitakoaren arabera, “lanak amaitu ondoren, Loiolan bizi diren pertsonek bide-zubi gainean egongo den geltoki berri moderno eta enblematikoa izango dute, Donostia eta Martutene arteko errepide zaharraren gainean, Loiolako bulebarra egingo den tokian”. Horrez gain, bertan dagoen ezpondaren ordez bide-zubia eraikiko dutela aurreratu du. Horrela, auzoa bitan banatzen duen trenbideko trintxera desagertu eta 10.000 metro kodrotik gorako hiri espazio zabala berreskuratuko dutela nabarmendu du.
“Herritarren gozamenerako eta erabilerarako irabazitako toki berriak gune berdeak, haurrentzako jolasak, bidegorria, bizikletak aparkatzeko tokia eta atsedenerako guneak izango ditu. Horrez gain, behin betiko lotuko ditu Lorategi Hiriaren ingurua eta auzoaren gainerakoa”, zehaztu du Jaurlaritzak.
Inguruaren urbanizazioari dagozkion jarduera guztiak Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren artean adostu zituzten, Donostialdeko Metroaren obren eta proiektuen jarraipenerako batzordearen barruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere hartzen du parte proiektuan.
Gaur egun, Eusko Trenbide Sarearen bide-zubiaren lehen fasea eraikitzeko lanak ari dira egiten Urumeatik gertuen dagoen tokian. Lan hauek beste kontratu batean daude. Datozen hilabeteetan lanak indartu egingo dituzte, “2017. urtean Loiolak Donostialdeko Metroaren geltoki berria eta modernoa izan dezan, trenbide trazatu berri seguruagoa eta elkarbizitzarako atseginagoa izango den hiri ingurunea”, erantsi du Jaurlaritzak.