Garbera merkataritza zentroaren sarreretako bat.
Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia kendu dio Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari, eta Garbera merkataritza zentroko jabeek proposatutako zabaltzeari bidea ireki dio. Hain zuzen ere, Unibail-Rodamco Garbera enpresaren egitasmoa bertan behera utzi zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Justizia Epaitegiak 2013an, lur zoruaren erabilera publikoa arautzen duen Lurralde Plan Orokorra oinarri, erakundeek aurkeztutako argudioak ontzat hartu eta gero. Garberak merkataritza zentroaren edukiera bikoiztea aurreikusi zuen 2009an.
Espainiako Auzitegi Gorenak 2013ko epaia baliogabetu du orain, Eusko Jaurlaritzak “arrazoi ekonomikoak” besterik ez zituelako argudiatu proiektuaren aurka. Auzitegi Gorenak dio interes orokorreko arrazoiak behar direla baliatu halako helegite batek aurrera egin dezan; ingurua babestearekin lotutakoak, kasu. Epaiak gogora ekarri du Lakuak “enpresen arteko lehiakortasuna” erabili zuela argudio gisa, merkataritza gune txikiagoak ezartzea egokiagoa zelakoan.