Dbus konpainiako autobus bat. (Argazkia: Lide Ferreira)
EAJ, PSE-EE, PP, Irabazi Donostia eta UGT sindikatuaren aldeko botoen bidez,
Dbuseko gidariei euskara eskakizuna jaistea onartu du autobus konpainiako Administrazio Kontseiluak. Bilduk aurkako botoa eman du, eta egoera “larria” dela salatu du.
Autobus gidarien lan poltsarako hautaketa prozesua etenda dago. Izan ere, aurreko legegintzaldian Dbuseko administrazio kontseiluak euskara ezagutza puntuagarria izatetik, derrigorrezkoa izatera aldatzea adostu zuen. Baina UGT sindikatuak auzitara jo zuen, eta EAEko Lan Arloko Justizia Auzitegi Nagusiak Dbuseko gidariei euskararen ezagutza eskatzea ez zela bidezkoa erabaki zuen, sindikatuari arrazoi emanez. Bilduren gobernuak errekurtsoa jarri zion erabakiari. Oraindik ez da auzia argitu, ez baitute epairik jaso, baina hizkuntza eskakizunen inguruko
akordio bat lortu dute EAJk eta UGT sindikatuak. Dbuseko administrazio kontseiluak asteazkenean berretsi zuen akordio hori, eta eskakizun berriak zehaztu dituzte.
Administrazio kontseiluak
lau lan poltsa sortzea adostu du; barne langileen lan poltsa bat eta beste hiru gidari berrientzako. Barne langileentzat euskaraz jakitea puntuagarria izango da. Gidari berrien %40ari 1. hizkuntza eskakizuna (B1 maila) baino maila altuagoa eskatuko zaio; beste %20ari 1. hizkuntza eskakizuna; gainerako %40ari ez zaio hizkuntza eskakizunik eskatuko.
Bilduko zinegotzi Axier Jakaren arabera, “akordio honek euskal hiztunak gutxiesten ditu eta bigarren hizkuntza bezala tratatzen du euskara”. Hizkuntza eskakizun berriak “
hizkuntza eskubideetan eta euskararen normalizazioan atzerapauso larria” direla gaineratu du. Bereziki jeltzaleen jarrera kritikatu du Jakak, eta Eusko Jaurlaritzak Eusko Treneko gidariei ahozko zein idatzizko Bigarren Hizkuntz Eskakizuna eskatzen dietela gogorarazi du: “Argi dago EAJk, non eta Donostian, Euskal Herriko hiribururik euskaldunenean, euskararen normalizazioan atzerapausoak ematea erabaki duela”.
EAJren erabakiak errotik aldatu duela egoera adierazi du Jakak, eta datozen 10 urteetan eragingo duela erabakiak gaineratu du. Gidari berrien ia erdiak ez duela euskaraz jakin beharrik izango azpimarratu du: “Inork ulertuko al luke gazteleraz ulertzen ez duen gidari bat egotea Dbusen?”, galdetu du zinegotziak, “horixe gertatuko da euskararekin; bigarren mailako hizkuntza baten modura hartzen da, euskara eta euskaldunak gutxietsiz”.
Urratsak “desegiten”
Udal gobernua euskararen normalizazioan aurreko legegintzaldian egindako urratsak “desegiten” ari dela salatu du Bilduk. EAJren jarrera eta erabakiak gogor gaitzetsi ditu Bilduko bozeramaile Amaia Almirallek: “Benetan kezkatuta gaude udal gobernu honen jarrerarekin. Eguneroko lanean nabarmen jaitsi da euskararen erabilera, baita kalean ere. Euskararen normalizazio prozesuan laguntzeko prest gaude eta bidelagun izango gaituzte, baina atzerapauso bakoitza ere gogor salatuko dugu”.
Batzordeetan, prentsaurrekoetan eta bestelako agerraldietan ere euskarak lekua galdu duela adierazi dute Bilduko ordezkariek, baita kaleko iragarki tauletan ere. Turistei zuzendutako taulak edo Zinemaldiko eskuorriak jarri dituzte adibidetzat, baita zezenketen kartelak ere; guztiak gaztelera hutsean, Almirallek salatu duenez.
Bilduk euskararen gaia hurrengo udalbatzarrera eramango duela aurreratu du.