Duela hiru urte tesi bat idatzi zuen Iñaki Lazkanok, Krzysztof Kieslowski zinemagile poloniarrari buruz; lan hori oinarri hartuta, Nosferatu bilduman jatorriz euskaraz idatzitako lehen liburua egin berri du.
Iñaki Lazkano, kazetaria.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Zineman aditua eta zinezale sutsua da Iñaki Lazkano (Bidebieta, 1971). Hainbat komunikabidetan lan egin du, eta, egun kolaborazioak egiten jarraitzen duen arren, irakasle lanetan dihardu EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, eta Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea da. Pasioz hitz egin dio IRUTXULOKO HITZAri bere tesiaz eta bere liburuaz.
Nolatan bururatu zitzaizun duela hiru urte Krzysztof Kieslowkiri buruzko tesi bat egitea?
Beti ere zinezalea izan naiz, eta Kieslowskirekin izan nuen lehen harremana 1988an izan zen, Donostia Zinemaldian, hain zuzen ere. Orduan,
Ez dut maitatuko filma eman zuten, eta asko gustatu zitzaidan. Beranduxeago, 1990. hamarkadako lehen lau urteetan, komertzialki estreinatu zituzten
Veronicaren bizitza bikoitza, eta koloreen trilogia,
Urdina,
Zuria eta
Gorria. Oso gogoko nuenez Kieslowskiren zinema, bururatu zitzaidan bere zinemari buruzko tesi bat egitea.
Bigarren aukeraren auzia eta itxaropenaren izaera etikoa Krzystof Kieslowskiren azken garaiko zineman, horrela jarri nion izena nire tesiari.
Denbora asko behar izan zenuen?
1999an hasi nintzen, baina kazetari lanak lehentasuna zuen orduan eta baztertu egin behar izan nuen. Materiala lortzen aritu nintzen, bere filmak eta film laburrak, liburuak, eta Interneten topatzen nuen guztia. Unibertsitatean irakasle hasi nintzenean berrartu nuen, eta azkenean, duela hiru urte defendatu nuen tesia. Tesia zazpi hilabetetan idatzi nuen, eta nahiko laburra da, 275 orrialde ditu.
Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikus-entzunezko sailean euskaraz zinemari buruz defendatu den lehen tesia da. Azken urteetan, zorionez, beste bi tesi egin dituzte.
Zer landu duzu tesian?
Bereziki Frantzian ekoitzi zuen zinema landu dut, bere bukaerakoa, baina film horiek ezin dira ulertu bere Poloniako garaia ezagutu gabe. Beraz, lan nekeza izan nuen ikus-entzunezko material guztia biltzeko. Testuak bereziki ingelesez idatzitakoak landu ditut, nik polonieraz ez dakit-eta, baina poloniar batzuen testuak ingelesez topatu nituen.
Nola definituko zenuke Kieslowski?
XX. mendeko azken hamarkadako egilerik esanguratsuena dela esango nuke. Bere zineman halabeharra edo patua beti ageri da, baina berak zioen errepikapena zela garrantzitsuagoa bere pelikuletan. Askok oso zuzendari ezkor gisa jotzen dute, baina bere azken zineman itxaropena islatzen dela esango nuke. Pertsonaiek bigarren aukera bat dute egindako akatsak zuzentzeko, eta euren bizitza zorionera bideratzeko. Etika ere konstante bat da bere pelikuletan. Venezian
Urdina filmarekin, eta Berlinen ere
Zuria filmarekin zuzendari onenaren saria irabazi zuen.
Gorria filmarekin ez zioten saririk eman Cannesen, baina Quentin Tarantinok esan zuen edizio hortako pelikularik onena Kieslowskirena zela.
Ezustean harrapatu zintuen Nosferatuko liburuaren enkarguak?
Bai. Kontua da, 2016a dela-eta, Poloniako Wroclaw ere kultur hiriburua izango dela, eta datorren urtean 20 urte beteko dira Kieslowskiren heriotzetik. Hala, Kieslowskiri eskainitako erakusketa bat zabaldu dute Okendo kultur etxean, eta Nosferatu zikloak atzera begirako bat eskainiko dio datorren astetik aurrera. Horrekin batera, bi liburu argitaratu behar zituzten, bat gazteleraz eta beste bat euskaraz, eta nik berari buruzko tesia egina nuenez, enkargua egin zidaten, euskaraz 100 orrialdeko liburu bat egiteko.
Nire tesiaren sintesi moduko bat da, baina Kieslowskiren garaien artean oreka bat lortzen saiatu naiz. Lau zati desberdindu ditut: Dokumentalgintza; fikziozko zinema politikoa, Polonia komunistaren sistema salatzen duena, zazpi filmetan; Dekalogoa, telebista poloniarrerako zuzendu zituen hamar film eta zinemarako egin zituen bi film;?eta amaieran, Frantzian ekoitzitako zinema. Nire irakurketaren arabera, bere zineman bilakaera bat egon zen, eta bere azken lau filmak dira gailurra.
Nosferatu bildumarako jatorriz euskaraz idatzitako lehen liburua izan da zurea.
Bai. Pozgarria da euskaraz idaztea mundu akademikoan, aukera askorik ez baitago. Euskaraz idaztea gogoko duzun gai bati buruz, sekulako gozamena da. Liburuan, hizkuntza akademikoa ahalik eta gehien arintzen saiatu naiz, ulergarria egiteko. Berez gai espezializatu bat da, irakurle gutxi izango ditu, eta ahalegin bat egin dut irakurleek arazorik ez izateko.
Nosferatu zikloan Kieslowskiren filmak ikusteko aukera egongo da, urritik maiatzera. Zein gomendatuko zenuke?
Badakit
Veronicaren bizitza bikoitzak irekiko duela zikloa, eta nik oso gogoko dut. Oso berezia da, nahiko metafisikoa… Bi neska dira protagonistak, bat poloniarra eta bestea frantziarra, eta biek kantua dute pasio; badirudi bikiak direla eta badago harreman metafisiko bat bien artean. Trilogia ere gomendatuko dute,
Urdina,
Zuria eta
Gorria. Azken filmean,
Gorrian, aurreko bi pelikuletan erabat argi geratzen ez diren kontuak argitzen dira, eta nik hori duk gogokoen. Bere zinemaren laburpen gisa ulertzen dut, eta Irene Jacoben interpretazioa bereziki oso ona da. Bere poloniar sasoian
Afizionatua nabarmenduko nuke. Dokumentalen artean,
Lehen maitasuna ere oso polita da.
Gaiez aldatuz. Zein iritzi duzu bukatu berri den Zinemaldiaz?
Azken bost urtetan, irakasle lanak tarteko, ezin izan ditut Zinemaldiko pelikula gehiegi ikusi. Aurten hamar ikusi ditut, eta kostatu zait hunkitu nauen pelikula bat ikustea.
Saulen semea gustatu zitzaidan, hungariarra, baina ez zitzaidan hain handia iruditu. Sail Ofizialeko hiru film ere ikusi ditut, baina ez zaizkit hain erakargarriak egin.
Loreak iritsiko da Oscar sarietara?
Pelikula oso ona iruditzen zait;?bai istorioa eta bai hiru emakume aktoreen lana, bereziki Nagore Aranbururena. Harreman zuzena du Garañok eta Goenagak orain arte egindakoarekin. Oscarretarako herrialde bakoitzak pelikula bat hautatzen du, eta orain galbahe zaila dute. Berebiziko garrantzia izango luke bost hautatu horien artean egoteak. Kalitatea badauka, baina beste faktore askok eragiten dute.