Hiriko sortzaileen lana ikusaraztea da klusterraren helburua; bertan nahiz atzerrian.
Moda Klusterraren aurkezpena, Miramar Jauregian. (Argazkia: Sustapena)
Dagoeneko abian da Modaren klusterra. Ernesto Gasco Sustapen Ekonomikoko zinegotzia izan da proiektu honen sustatzaile nagusia, eta hiriko hainbat sortzailez inguratuta egin du klusterraren aurkezpena Miramar Jauregian.
Gascoren esanetan, klusterraren
helburua sektoreko
enpresen lehiakortasuna sustatzea da. Horretarako lan ildoak finkatuko dituzte, eta Sustapen sailaren bitartez hainbat laguntza ere jasoko dituzte. Laura Chamorro kazetari eta Sustapeneko kideak egin du klusterraren aurkezpena. Hiriak “glamour berezia” izan duela beti aipatu du, eta aurrerantzean ere hiriko
sortzaileen lanak ikusarazteko lanean jarraituko dutela: “Donostia marka moda munduan erreferente izatea lortu behar dugu berriro”, gaineratu du Chamorrok.
Horretarako, ordea, “sektore osoaren elkarlana” ezinbestekoa dela onartu dute. Gascok azaldu duenez, 1.000 enpresa eta saltoki inguru daude moda arloan; horietatik
126 dira sortzaileak, eta gehienak Miramar Jauregian bildu dira gaur. Zuzenean 2.750 pertsonari ematen dio lana sektoreak, industria eta merkataritzaren artean; hiriko enpleguaren %2,63. Hala, ehungintzak 50 milioi euro sortzen ditu urtean.
Moda arloaren egoera
Moda klusterraren erronka nagusia hiriko sortzaile eta sorkuntza lan guztiak norabide berean bideratzea da. Hau da, sortzaileen lana ikusaraztea, alde batetik, eta bertako saltokietan bertako diseinatzaileen lanak erakutsi edo saltzeko erraztasunak ematea, bestetik. Sortzaile gehienak amateurrak direla adierazi du Chamorrok, eta sektorearen profesionalizazioan lan egin beharra daukatela.
Zentzu horretan, Kontxu Uzkudun,
Minimil-ko diseinatzaileak “errespetuz laguntzea” eskatu diete udal ordezkariei; “Oso proiektu interesgarria da, eta helburuaren laurdena beteko balitz, asko litzateke. Diseinatzaile hitza etereoa da, baina diseinatzaileok gogor lan egiten dugun langileak besterik ez gara”, esan du Uzkudunek. Atzerrira bidaiatu eta “ondo egiten dutenei ondo kopiatzeko” aholkatu du; “ez dezagun ezer asmatu, ondo egiten duten horiengandik ikasi baizik”.
Bestalde, sortzaile onak izan arren, sarritan
merkaturatzeko arazoak izaten dituztela adierazi dute; “sortzaile onak gara, baina ez dakigu kudeatzen”, esan du Chamorrok. Horregatik, moda klusterrak formakuntzan jarriko du arreta berezia. Bai sortzaileen formakuntzan, baina baita enpresa edo kudeaketan ere. Bideragarritasun planak eta aholkularitza eskainiko ditu klusterrak. Eta nazioartekotze eta marketing estrategiak ere garatuko dituzte.
Atzerrian ospea hartu duten sinadurei dagokionez, hirian bertan ere lekua izan dezaten neurriak hartuko dituztela azaldu du Chamorrok.
Isabel Zapardiez ezkontza soinekoen diseinatzailea jarri dute adibidetzat. Bere esanetan, “nire jantziengatik espresuki hirira etortzen da jendea, baina bide batez hiria ezagutzen dute, bertako txokoak eta gastronomia. Moda hiria ezagutarazteko bide bat izan daiteke, eta norabide horretan egin behar dugu lan”, esan du Zapardiezek.
Laguntza eskaini eta bultzada emateaz gain,
moda arloaren jarraipena egingo du kluster berriak. Chamorrok azaldu duenez, saltoki nahiz sortzaileen jarraipena egingo dute, egoera nola dagoen aztertu, eta hazten laguntzeko baliabideak eskaini. 2016. urte hasieran newsletter bat ere jarriko dute abian, astero astero modari buruzko informazioa partekatzeko modaren inguruko enpresa sare guztiari.
Esan bezala, dagoeneko abian da Moda Klusterra, eta 2016ko plana aurreratu ez badute ere, datozen hilabeteetako hainbat jardueren berri eman dute:
Urriaren 23an
Gipuzkoa de Moda azokaren baitan, sortzaile donostiarren diseinuak erakutsiko dituzte, eta hitzaldiak ere eskainiko dituzte, Miramar Jauregian.
Urriaren 29an
Berrikuntzaren astea egingo du Sustapenak, eta modari buruzko hainbat jarduera ere egingo dituzte.
Azaroaren 26an, marketing digitalari buruzko jardunaldiak egingo dituzte San Telmo Museoan moda profesionalentzat.