Dani Fano donostiarra eta Guillermo Gonzalez bilbotarra, liburuaren aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Sekulako pasioarekin aritu da Dani Fano donostiarra
Kortsarioen ostatua liburuaz. Izatez Fano marrazkilaria den arren, gidoilari lanetan aritu da komiki liburua idazteko; hala, Guillermo Gonzalez bilbotarra arduratu da marrazkiak egiteaz. “Lan taldearen ondorioa da liburu hau. Oso ongi moldatu gara Guillermo eta biok; Euskal Herriko marrazkilari onenetakoa da”, azaldu du Fanok. Kresala, kortsarioak, lapurretak, eta Donostiako kaia topatuko ditu irakurleak liburuko orrialdeen artean, besteak beste. “Kuriositate historikoa duenarentzat ate bat da”, gehitu du Fanok. Azken batean, istorioak asmatutakoak diren arren, benetako historian arakatu behar izan dute, XVI. mendeko garai hura nolakoa zen jakiteko. Ikastolen Elkarteak enkargatutako lana izan da, Xabiroi bildumarako.
Kortsarioak dira istorietako protagonistak, XVI. mendeko piratak, Donostian ugariak izan zirenak. Ostatu batean bilduko dira, han sortzen baitira istorioak Fanoren hitzetan. Gizon-andere horiek ez dute bizimodu lasaia izan, ezta arrunta ere. “Itsaso zabalean auskalo zer ez duten ikusi, eta zer ez duten pairatu. Izan ere, kortsoa bizimodua da. Ez erosoa. Hil ala bizikoa. Abenturaren sena? Ausardia? Maiz gertatu bezala, kortsario izatea ez da lehen aukera, bakarra baizik”, dio liburuaren sinopsiak.
Ontzi Museoa, Koldo Mitxelena Kulturunea eta San Telmo Museoaren laguntza izan dute egileek informazio biltzeko eta irudiak bilatzeko. Bibliografia begiratzerik besterik ez dago, kontsultatu dituzten liburu guztiak ikusteko:
Gure itsasontziak,
Nuevas historias de corsarios vascos,
Korsariak eta piratak,
Historia de la navegacion en vela…
Sei ataletan banatu dute liburua:
Ternuako izotzak,
Anaia etsai,
Kandela santuak,
Traganarru,
Etekinak eta galerak eta
Agotaren burua. Istorio bakoitzak bere hasiera eta bukaera du, baina multzo sendo bat osatzen dutela ere diote.