‘Inoiz egin dugun diskorik onena’ aurkeztu du musika taldeak; hamar abestik osatzen dute lana, joan den udan grabatutakoak. "Haize freskoa dakar", nabarmendu dute.
Ze Esatek! taldeko kideak, disko berriarekin. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ausartak direla behintzat ez die inork ukatuko, I
noiz egin dugun diskorik onena izenburupean kaleratu baitu bere lan berria Ze Esatek! taldeak. «Diskoa entzutean konturatuko zarete zergatik diogun hori», azaldu du Jabi abeslariak.
Hamar abestik osatzen dute diskoa, joan den udan grabatu zuten Tolosako Bonberenean, eta Mirentxu Records-ekin elkarlanean egin dute. «Orain arteko estilotik urrundu gara, rock gitarreroa utzi eta Estatu Batuetako reggae eta ska doinuetara hurbiltzen saiatu gara, eta swimarekin ere ausartu gara», gehitu du Jokin Guilisagasti taldeko bateria-jotzaileak.
Azken batean, emaitzarekin pozik geratu direla dio Guilisagastik: «Aurrekoak baino koloretsuagoa eta alaiagoa da disko berria, eta haize freskoa dakar».
Begirada kritikoa
Egunerokotasunean gertatzen diren egoerak eta albisteak euren begirada kritiko eta sarkastikotik abiatuta azaldu dituztela diote: «Betiko kritika soziala eta politikoa egin ditugu, eta gure bizitzan beti dauden parrandak sartu ditugu», azaldu du Guilisagastik. Hala, klase politikoaren kritika, esaterako, bertako politikariengana hurbildu dute.
Jonky-rolari abestiak, esaterako, gorputza gurtzen duten pertsonak ditu jomuga;
Ilunetik argira eta buelta, berriz, amaierarik gabeko maitasun istorio bat da;
Ezin zaitut jasan abestiak lagunen arteko harremanetan konfiantza nagusitzen denean gertatu ohi dena deskribatzen du; klase kontzientzia aldarrikatzen du
Working class abestiak… eta Joseba Sarrionandiaren olerki bat ere bertsionatu dute:
Pianistaren heriotza.
Hainbat kolaborazio izan dituzte diskoa osatzeko: Garazi Esnaola teklatuan hainbat abestitan eta Taico taldeko kideen ahotsak
Ezin zaitut jasan abestian. Diskoaren grabazioaz eta nahasketaz Karlos Osinaga arduratu da, eta masterizazioa Jonan Ordorikak egin du.
Diseinuari dagokionez, marrazkiak Joseba Poncek eta Pablo Garciak egin dituzte, eta diseinua eta maketazioa Imanol Urizarrek gauzatu ditu. Hain zuzen ere, tximu bat da diskoaren azalean ikus daitekeena, eta animalia horrekin nahiko identifikatuak sentitzen direla diote taldekideek.
Diskoa salgai dago jada dendetan eta taldearen webgunean bertan:
Zeesatek.com.
Intxaurrondon joko dute, azaroaren 27an
Kontzertuen egutegia pixkanaka-pixkanaka ari dira osatzen Ze Esatek! taldeko lagunak, disko berria Euskal Herrian aurkezteko asmoz. Hain zuzen ere, Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean egingo dute aurkezpen kontzertua, azaroaren 27an. Gainontzean, honako zuzenekoak dituzte jada lotuta: Azaroaren 14ean, Tolosako Bonberenean joko dute; abenduaren 6an, Ahotsenean, Durangoko azokaren baitan; abenduaren 11n, Bilbo Stage Live aretoan; urtarrilaren 16an, Gasteiz Jimmy Jazz aretoan; eta urtarrilaren 23an, Ondarru Portuko Rampin.