Askapenaren epaiketaren harira, astelehenean izango da lehenengoa, hainbat herritan egingo diren elkarretaratzeen bitartez.
Antiguako frontoian egin dute agerraldia. (Argazkia: Lide Ferreira)
Libre eta Eleak mugimenduak antolatuta,
auzipetuek agerraldia egin dute gaur goizean Antiguako frontoian. Datozen hilabeteetan epaituko dituzten
Askapenako, Segurako sarekadako eta Ekineko auzipetuen harira egin dute,
baita herriko tabernen auziaren egoera salatzeko
ere. Honela,
eskubide zibil eta politikoen alde, udazkena laranjaz tindatuko dute. Astelehenean bertan Askapenaren epaiketa hasten denez, elkarretaratzeak izango dira hainbat herritan. Euskal Herriari elkartasuna adierazteko eta epaiketa politikoen aurka,
manifestazio bat egingo dute, urriaren 31n, Madrilen. Azaroaren 14 eta 15eko asteburuan
hamarnaka jarduera antolatuko dituzte Euskal Herri osoko
herriko tabernetan. Mobilizazio eta jarduera guzti hauen zehaztasunak hurrengo asteotan zehaztuko dituzte.
“Ikasturte politikoaren hasieran gauden honetan, salbuespenaren eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoen egiturazko urraketaren argazkia helarazi nahi diogu euskal jendarteari”. Halaxe hasi du agerraldia Eleak mugimenduko kide Aratz Zearretak. Eskubideak praktikatzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionala zapaldu duten pertsona edo antolakundeen argazkia dela esan du. Izan ere, auzipetu ugari daude oraindik epaitegitik igaro eta epaiarik jaso ez dutenak edo epaiketaren zain daudenak.
Salbuespen politikak
“Nolatan da posible argazki hau 2015eko urrian?
Salbuespen politiken, salbuespen legedien eta salbuespen epaitegien beharra borroka armatuak justifikatzen omen zuen; baina urteak dira gure herrian existitzen den biolentzia politika antolatu bakarra instituzionala dela“, adierazi du Zearretak. Gainera, Espainiako estatuak disidentziaren aurkako arma gehiago aurkezten jarraitzen duela salatu dute: Mozal Legea eta Zigor Kodearen erreforma, besteak beste. “Disidentziarako eskubidea bera ukatzen digute. Gure esku dago ukazio horiek gainditzea”.
Denboraren poderioz, borrokak eta praktika orokortuak delitu zen hori eskubide bihurtzen dela erakutsi dietela diote: “Boteretsuek ez dute inoiz gogo onez onartu pertsonok eta herriok geure burua gobernatzen saiatzea, objektu pasibo izateari utzi eta subjektu aktibo bilakatu nahi izatea. Eskuratu dezagun, beraz, oparituko ez digutena;
behartu ditzagun salbuespen iraunkorrean gure eskubideak errespetatzera“.
Unai Vazquez Askapeneko kideak adierazi duenez,
auziperatuek epaiketak eta espetxeratzeak otzantasunez eta etsituta onartzea nahi du Estatuak, baina ez dutela hala egingo ziurtatu du, eta euren ustezko delituak aldarrikatzen jarraituko dituztela: internazionalismoa, indepentziaren alde egitea, bakearen, feminismoaren, sozialismoaren, preso eta errefuxiatuen eskubideen edo dena delakoaren alde. “
Oinarrizko eskubideak praktikatzeagatik epaitzen gaituzte; eta, guztion eskubideak izanik, guztion ardura da horien alde egitea”, dei egin du Vazquezek.
Udazkena laranjaz tindatuko dute
Hortaz, auzipetuen, Eleak-Libreren eta herritarren arteko auzolanak Euskal Herriko udazkena laranjaz tindatuko du. Askapenaren epaiketaren harira,
astelehenean elkarretaratzeak egingo dituzte hainbat herritan (Donostiakoa 19:00etan izango da, Bulebarrean);
azaroaren 14 eta 15eko asteburuan jarduera ugari antolatuko dituzte Euskal Herriko
herriko tabernetan; eta, Segurako sarekadan atxilotuak izan zirenen aurkako epaiketa ere azaroan hasiko da, eta orduan ere izango dira
bestelako deialdiak.
“Erasoen aurrean, defendatu ditzagun guztion artean guztionak diren eskubide zibil eta politikoak. Asko gara ideia horrekin bat egiten dugunok, baita Euskal Herritik kanpo ere”, adierazi du Zearretak. Hain zuzen ere, gaur bertan Madrilen manifestazio bat aurkeztu dute hainbat eragilek, Euskal Herriarekiko elkartasuna adierazteko, eta epaiketa politikoen aurka. Horregatik,
urriaren 31n Madrilera joateko deia egin dute.