Erailketaren 30. urtemugarekin batera, hainbat ekitaldi egingo dituzte azaroan zehar.
Mikel Zabalza Herri Ekimenaren aurkezpena, Altzan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Mikel Zabalza Herri Ekimena jendaurrean aurkeztu dute eguerdian Altzan; Jolastokietan egin dute agerraldia, Zabalza atxilotu zuten lekutik oso gertu. Herritar talde batek urteak daramatza altzatarraren auzia
ahaztu ez dadin lanean, baina orain pauso bat gehiago eman nahi dute: maila pribatutik eremu publikora atera nahi dute kasua.
Horretarako erakunde publiko eta eragile sozialekin jarri dira harremanetan. Udaleko
alderdi politiko guztiekin, eta Dbuseko sindikatuekin esaterako, udaleko autobus gidaria baitzen Zabalza.
Manex Ralla Herri Ekimeneko kideak azaldu duenez, “Zabalza udal langile bat zen eta udalak ere badu zeresana. Testuinguru politikoa ere “aldekoa” dela uste du Rallak, eta beste hainbat ate ere joko dituztela esan du, Memoriaren Institutua, esaterako.
Mikel Zabalza Herri Ekimena altzatarraren senide, lagun eta beste hainbat herritarrek osatzen dute, eta argi dute helburua: “Gustura jasoko dugu hartzen duten neurri bakoitza, izan erakunde adierazpen bat, edo omenaldi bat, baina gure aldarrikapenak ez dira horretan geratuko;
ez dugu etsiko aitortza, egia eta justizia egitea lortu arte“, esan du Rallak. 30 bat lagunek osatzen dute Herri Ekimena, baina talde irekia dela adierazi dute, eta kasua argitzeko borondatea duen edonor gonbidatu dute.
Bestalde, bertsio ofiziala “inork sinisten ez duen kontakizun fantasioso bat” dela adierazi dute prentsaurrean. Hau da, ez dute sinesten Mikel Zabalzak Endarlatsatik ihes egin eta Bidasoa ibaira salto eginda itota hil zenik. 1985eko azaroaren 26an atxilotu eta bere hilotza ibaian agertu zen arteko 20 egunetan
gertatutako argitzeko ikerketa bat egitea eskatu dute.
Izan ere, Herri Ekimeneko kideek salatu dutenez, inork ez du ardurarik hartu bere gain; “30 urte pasa diren arren,
ez dago erantzulerik, inor ez dute ikertu, eta are gutxiago epaitu”, esan du Garazi Castaño, Herri Ekimeneko kideak. Mikel Zabalzaren kasua argitzearekin batera, haren inguruko senide eta lagunei
egindako minaren aitortza eta erreparazioa ere eskatu dituzte.
Aitortza, egia eta justizia ardatz hartuta, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute Herri Ekimeneko kideek. Urtero bezala, omenaldia egingo diote bere heriotzaren urtemugarekin batera. Aurten gainera, 30. urtemuga data biribila izanik,
ekitaldi berezi bat egingo dute azaroaren 29an. Eta horrekin batera, hilabete osoan zehar beste hainbat ekitaldi egingo dituztela aurreratu dute.
Altzan bizi bazen ere, Mikel Zabalza orbaitzetarra zen berez, eta Nafarroan ere oroitu eta omenduko dute. Azaroaren 21ean lagun eta senideen arteko omenaldi bat egingo diote goizean Orbaitzetan, eta ekitaldi politikoa arratsaldean, Garraldan.