Eraul, Asier Beramendi gaztearen musika taldea

Asier Beramendiren izen artistikoa da Eraul. Donostiarra da, eta 24 urte ditu. Duela hiru urte hasi zen euskaraz eta ingelesez abestiak idazten eta mikro irekietan parte hartzen Salamancan. Ondoren, Suediako agertokietan jarraitu zuen bere ibilbidearekin, beka bati esker han bizitzeko aukera izan baitzuen hamar hilabetez. Han, hainbat musikari ezagutu zituen, eta musika grabaketarekin eta ekoizpenarekin lotutako guztian sakontzeko eta are gehiago ikasteko aukera eman zioten.

2014ko maiatzean, demo txiki bat grabatu zuen Goteborg hiriko grabaketa estudio batean. Alexander Engelin (nahasketez eta grabaketaz arduratu zen) eta bere artean lau abesti grabatu zituzten, baliabide eta ezagutza oso eskasekin, eta horrela sortu zen Eraul. Kutxa Kultur Musikarako hautatu zuten bere proiektua. Donostikluba jaialdiaren lehen egunean jo zuen Gazteszenan hilaren hasieran.

Etxea abestiaren bideoklipa aurkeztu du aurten. Skakeitan musika taldeko Julen Idigorasek zuzendu du ikus entzunezko lana. Idigorasek berak bateria jotzen du, eta talde bereko Gorka Valcarlos tronpeta jotzailea ere agertzen da bideo klipean. Borja Anton biolin jotzailea, Garazi Esnaola pianista eta Maria Bustos celloak ere parte hartu dute kanta honetan.

Eraulen abestiak entzun daitezke sarean.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend