Markel Ormazabal: 'McGuffin'
Urte luzez, haurrekin komunikatzeko moldetzat kontsideratua izan da istorioen kontakizuna. Sutondoak desegin genituen ez gero, aisialdira eta literatura analisira mugaturiko praktika. Egun, ordea, sozietateko eremu guztietan ezarri den diskurtso modua da. Pentsamendu narratzailea hedatu egin da: istorioek errealitatea eratzeko duten boterea berriz ediren dute historialari, legelari, ekonomialari edo fisikariek, kasu. Manager lanetan dabilen lagunak istorioak kontatu behar ditu langileak motibatzeko, eta medikua bere pazienteak kontatu istorioak entzuteko trebatzen da. Kazetaritza narratzailea darabil kazetari askok; terapia narratzailea, berriz, ez psikologo gutxik.
Istorioen kontaketak pentsamendu logikoarekin lehiatzen du hainbat gertakariren ulerkeran. Istorioen kontaketaren bidez ulertzen ditugu (ustez), esate baterako, jurisprudentzia, geografia, gaixotasuna edo gerratea. 2001 urtean The Los Angeles Times egunkariko zutabean argitaratu zuen iritzia Lynn Smithek: istorioak hain bilakatu dira sinesgarri, egitate edo gertaera nahiz argudio arrazionalen ordezko arriskutsu daitezkeela. Istorio seduzitzaile oro, gezur edo propaganda bihurtu daiteke. Gertakarien azalpen lasaigarria bilatzen duen istorioak ere, kontraesanak eta konplexutasunak gabetzen dituenean, iruzur egin dezake.
Emozioetan eragiten dute kontakizunek; eta hala, ideia zehatz batzuk ezarri, zentzua sortu edo portaerak menderatzeko gaitasuna izan dezakete istorioek. Eva Illouz soziologoak emoziozko kapitalismoa izendatu duen kulturan, miatu, balioztatu, eta salerosi daitezkeen entitate bihurtu dira emozioak. Merkantzia bilakatu ditugu. Istorioek eta emozioek zuzentzen dute lana. Egun ez dugu ekoizkin edo produkturik erosten; produktu horiek irudikatu edo ordezkatzen dituzten istorioak baizik. Marka jakin bat baino, marka horrek irudikatzen duen mito eta arketipoa da kontsumitzen duguna.
Kontakizun batek bereziki zeharkatzen du hiria azkenaldi hontan. “Emozioak mobilizatu” asmo dituen Europako Kultur Hiriburutzaren kontakizunak, hain zuzen ere. Eta berau Mcguffin bat ez ote den, horra ikustear duguna. Alfred Hitchcockek sortu esamoldea da Mcguffin. Istorioaren eta pertsonaiaren garapena motibatzen duen aitzakia argumental bat adierazten du; nahiz eta bere horretan, garrantziarik ez duen argumentua izan. Ikuslearen begietara (ulermenera), aitzaki argumentala ez da istorio narratuan garrantzia duena. Baina ageri da, hor dago, eta horrekin geratzen gara. Gurean, Andeka Larrea soziologoari irakurri diogu esamoldea. Larrearen iritzirako, Europako Kultur Hiriburutza guztiak, Donostiakoa barne, Mcguffinak balira bezala ulertu daitezke. Beste kontakizun baten aitzakia argumental gisa, alegia. Hiriaren merkantilizazioa litzateke mamia; kultura, berriz, aitzakia. Europar hiritartasuna simulazio besterik ez da, Europar Batasuna bera bezalakoa. Ez ote garen gure istorioekin atzipetzen, Emma Bovary sindromearen biktima masibo bilakatuz: geure historia lantzeko ezgai, horretarako ahalmena delegatu eta emana zaigun esperientziaren bitartez eraikitzen dugularik zentzua.