Mikel Zabalza Herri Ekimena aurkeztu dute, Guardia Zibilak altzatarra atxilotu zueneko 30. urtemugan. Egun haiek gogora ekarri ditu Libe Goñi lehengusinak, zeharo hunkituta.
Libe Goñi, erdian, zenbait seniderekin bertaratu zen Altzara. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Mikel Zabalzarekin hazi zen
Libe Goñi lehengusina, eta gero ere harreman estua zuten, maiz elkartzen baitziren Arrangoitzen, bere herrian. Orain Baionan bizi da Goñi, eta Altzan izan zen larunbatean, Zabalzaren
atxilotzearen 30. urtemugaren harira egindako agerraldia zela eta. Oraindik hunkitu egiten da Mikel Zabalza aipatze hutsarekin, baina kemena atera du IRUTXULOKO HITZArekin hitz egiteko, gertatutakoa gogoratzea ezinbestekoa dela uste baitu kasua argitzeko.
Nolakoa zen Mikel?
Oso gizon gozoa zen. Familiarekin harreman estua zuen; oso batuta geunden. Gustura bizi zen Mikel Donostian, baina Orbaitzetara ere maiz joaten zen senide eta gurasoak ikustera. Ni Arrangoitzen bizi nintzen orduan, eta, bidean geratzen zenez, askotan etortzen zen gurera.
Nola gogoratzen duzu gertatutakoa?
Oso gogorra izan zen, eta oraindik ere hala da guretzat, zauria itxi gabe baitago. Urteak pasatzen utzita ahaztuko zaigula uste dute, baina ez da horrela. Badakigu zer gertatu zitzaion Mikeli, baina oraindik ez dute aitortu, eta horrek min handia ematen du.
Zergatik uste duzu hil zutela Mikel?
Hori poliziari galdetu beharko genioke, baina ez dago arrazoirik. Euskalduna izatea izan zen bere delitua, deliturik bada. Mikelek ez zuen inongo lotura politikorik. Langile fina zen, eta familiari estuki lotua bizi zen. Biziki maite zuen lagunartea. Oso kolpe latza izan zen guretzako.
Bere anaiak ere atxilotu zituzten, ezta?
Bai, Patxi eta Aitor ere berarekin zeuden etxean, eta haiek ere eraman zituzten. Mikelen neskalagun Idoia eta beste bi lagun ere bai. Eta baita Orbaitzetako beste lehengusu bat ere, Manolo.Gure lehengusuak Intxaurrondora eraman zituzten, eta guztiak torturatu zituzten. Manolok alimaleko oihu eta garrasiak entzun zituela esan zigun. Egun batzuetara aske utzi zituzten guztiak, Mikel izan ezik. Bertan hil zutela uste dugu.
Hogei egun igaro ziren gorpua Bidasoa ibaian agertu zen arte;?ez duzue bertsio ofiziala, hau da, itota hil zenik sinesten?
Ez. Miguel Mari osabari bere semea Endarlatsan zegoela esan zioten. Gau eta egun aritu ginen bazter guztiak miatzen, zantzuren bat topatu nahian, baina ez genuen ezer aurkitu. Neronek Behobiako etxe guztiak pasa nituen banan banan, baina inork ez zekien ezer.
Gurutze Gorriko kideek eta suhiltzaileek ere Bidasoa ibaia eta ibaiertz guztia miatu zuten metroz metro, eta ez zuten ezertxo ere atzeman.
Gainera, urte hartan bertan apendizitis baten ondorioz bi aldiz operatu zuten Mikel sabeletik. Medikuaren arabera, seguraski poltsa jarri zioten poliziek eta Mikelek ez zuen indarrik halako egoera bat jasateko.
Desagertuta egon zen 20 egunetan bi guardia zibil agertu ziren ibaian itota, arrainek begiak janda. Mikelen gorpua ikusi genuen eta osorik zegoen; “Arrainek begi berdeak maite dituzte urdinak baino gehiago”, idatzi zuen nire amak.
Zein argibide jaso dituzue urte hauetan guztietan?
Alferrikako lana izan da kasua argitzeko egin dugun ahalegin oro. Hainbat epaileren aurrean hitz egin dugu, baina denbora galtze hutsa izan da guztia.
Zer diozu Altzan sortu den herri ekimenaz?
Biziki eskertzen dut egiten ari diren lana, zinez txalogarria baita kasua argitzeko duten borondatea. Zauria itxi gabe dago, baina ez dugu Mikeli gertatutakoa ahaztu; ez dugu Mikel ahaztu.
“Aitortza, egia eta justizia egitea lortu arte” ez dutela etsiko berretsi dute
Mikel Zabalza Herri Ekimena jendaurrean aurkeztu zuten Altzan, joan den larunbatean; Jolastokietan egin zuten agerraldia, Zabalza atxilotu zuten lekutik oso gertu. Herritar talde batek urteak daramatza altzatarraren auzia ahaztu ez dadin lanean, baina orain pauso bat gehiago eman nahi dute: maila pribatutik eremu publikora atera nahi dute kasua. Horretarako, erakunde publiko eta eragile sozialekin jarri dira harremanetan. Udaleko alderdi politiko guztiekin, eta Dbuseko sindikatuekin, esaterako, udaleko autobus gidaria baitzen Zabalza.
Manex Ralla Herri Ekimeneko kideak azaldu zuenez, “Zabalza udal langile bat zen eta udalak ere badu zeresana”. Testuinguru politikoa ere “aldekoa” dela uste du Rallak, eta beste hainbat ate ere joko dituztela esan du, Memoriaren Institutua, esaterako.
Mikel Zabalza Herri Ekimena altzatarraren senide, lagun eta beste hainbat herritarrek osatzen dute, eta argi dute helburua: “Gustura jasoko dugu hartzen duten neurri bakoitza, izan erakunde adierazpen bat, edo omenaldi bat, baina gure aldarrikapenak ez dira horretan geratuko; ez dugu etsiko aitortza, egia eta justizia egitea lortu arte”, esan zuen Rallak.
Bertsio ofiziala “inork sinesten ez duen kontakizun fantasioso bat” dela adierazi zuten prentsaurrean. Hau da, ez dute sinesten Mikel Zabalzak Endarlatsatik ihes egin eta Bidasoa ibaira salto eginda itota hil zenik. 1985eko azaroaren 26an atxilotu eta bere hilotza ibaian agertu zen arteko 20 egunetan gertatutakoa argitzeko ikerketa bat egitea eskatu zuten: “30 urte pasa diren arren, ez dago erantzulerik, inor ez dute ikertu, eta are gutxiago epaitu”.
Urtero bezala, omenaldia egingo diote bere heriotzaren urtemugarekin batera. Aurten gainera, 30. urtemuga data biribila izanik, ekitaldi berezi bat egingo dute azaroaren 29an.
Altzan bizi bazen ere, Mikel Zabalza orbaitzetarra zen berez, eta
Nafarroan ere oroitu eta omenduko dute. Azaroaren 21ean lagun eta senideen arteko omenaldi bat egingo diote.