Grosen, Kortxoenea inguruan, Ertzaintza modu bortitzean aritu da gaztetxearen alde egiteko hurbildu diren herritarren aurka. Arrastaka eta kolpeka atera ditu errepidetik, hau guztia, Kortxoenea eraisten ari ziren bitartean.
Hainbat gazte Ategorrieta etorbidean eseri dira, autoen zirkulazioa eteteko. Ertzainak bertaratu dira, eta bidetik kendu dituzte gazteak, bortizkeriaz. Gutxienez bi atxilotu eta hainbat zauritu daude.
Desalojoa
Goizean, 07:15ean lurzoruaren jabe den enpresako beharginak beltzez jantzita eta aurpegia estalita sartu dira gaztetxean, eta barruan zeuden kideak kanporatu dituzte. Honen aurrean, gerturatzeko deia egin dute.
Huste “ilegal eta bortitza” izan dela azaldu dute. Kortxoeneako hiru kidek teilatura igotzea lortu dute, baina Info Zazpi irratian, zuzenean, salatu du bortizki botatzen hasi direla.
Atetik sartu diren unea kontatu du gaztetxeko kide batek, Ioritz Berrak. “Oso azkarra izan da dena. ni izan naiz lehena esnatzen, makina bat entzun dudalako. Ostikoka eta bultzaka atera gaituzte, ez digute deus ere hartzen gaztetxetik. Bat-batean 50 langile agertu dira, eta zuzenean eraikina botatzen hasi dira”. Gaztetxea ondo ezagutzen duenez, berak eta beste bi kidek atzekaldetik teilatura igotzea lortu dute, eta eraistea gelditzea lortu dute une batez. Ertzaintzak identifikatu egin ditu eta jaitsiarazi egin ditu.
Jabearen aurkako salaketa jarriko dutela esan du. Eraikuntza enpresak kontratatutako segurtasun indarrek kanporatu dituztela uste dute, eta jarrera oso bortitza izan dutela: “Euskal Herriaren gaztetxe eta okupazioaren historian ez dakit inoiz gertatu den eraikuntza enpresak bidaltzea segurtasun indar batzuk bidaltzea desalojorako. Guk identifikatuta daukagu jabea, eta jabea bertan zegoen koordinazio lanak egiten. Salaketa jarriko dugu bere aurka, lesio parte bat ere aurkeztuko dugu”.
Gaur arratsaldean, 19:00etan, manifestazioa egingo dute gaztetxearen alde. Kortxoeneatik abiatuko dira Bulebarrera.
Bi hilabeteko erresistentzia
Joan den irailaren 4an Kortxoenea legez kanpo botatzen ahalegindu ziren, baina huste lanak behin-behinean eten zituen udalak, segurtasun neurriak betetzen ez zirelako: epailearen baimenik gabe eta eremua hesitu gabe ari ziren lanean. Udaltzainen babesean, goizean goiz agertu ziren langileak gaztetxean, eta, hondeatzeko makina batekin, atea indarrez bota zuten, eta zuloak egin zituzten lurrean. Aginduak ezustean harrapatu zituen gaztetxeko kideak, baina berehala erantzun zuten. Jendea hurbildu ahala, Ertzaintza agertu zen, eta tentsio uneak izan ziren. Gazteek auzitara jo zuten lursailaren jabearen aurka, eta iluntzean martxa jendetsua egiteaz gain, eraikina ere okupatu zuten. Segituan joan ziren ertzainak, husteko asmoz, baina alde egin zuten.
Geroztik, beste bitan bertaratu dira langileak, gaztetxea hesiz inguratzen ahalegintzera. Irailaren 21ean lurzoruaren jabe den enpresako beharginak hesiak jartzen saiatu ziren hirugarren aldiz. 08:30ean ekin zioten eraikina hesiz inguratzeari, baina handik tarte batera joan ziren, hesiak kenduta. Huste saiakera horien ondotik 24 orduko txandak antolatu dituzte gaztetxean.
Irutxuloko Hitzan Kortxoeneari buruz argitaratu ditugun albisteak ikus ditzakezu hemen kronologikoki.