Euskaldun berrien esker onez ospatuko dute Euskararen eguna
150 jarduera antolatu dituzte auzoz auzo egiteko.
Eskerrak emateko urtea
Eskerrik asko euskararen taupada izateagatik da aurtengo kanpainarako aukeratu duten leloa, eta euskaldun berriei euskaraz ikasteko hartutako erabakiagatik eskerrak ematea da asmoa. Azkarateren arabera, “euskaldun berriek, euskara ikasi izanari esker, denoi ahalbidetzen digute gure hizkuntza erabiltzen jarraitzea nonahi: kalean, lagunartean, familian eta abar. Euskara ikasi eta erabiltzen dutenen balioa gizarteratzea eta egin duten ahalegina eta ekarpena aitortzea garrantzitsua da”.Mintzodromoa eta ibilaldi girotua
Bagera elkarteak antolatzen dituen mintzodromoek arrakasta handia izaten dute, eta aurten ere hiru saio prestatu dituzte. Abenduaren 3an bertan egingo dituzte San Telmo Museoan, 10:00etan, 11:00etan, eta 17:00etan. Euskaraz aritzeko aukera bikaina dela esan du Ainara Vazquez, Bagerako ordezkariak. Horregatik, hainbat auzotara ere zabalduko dute ideia. Hala, mintzodromoak egingo dituzte azaroaren 26an, 10:00etan, Amara Berriko Arcco merkatalgunean; azaroaren 27an, 17:00etan, Loiolako Ardube tabernan; eta abenduaren 3an bertan, 11:00etan, Altzako Larratxo kultur etxean.
Bestalde, aurten lagunartean euskaraz aritzeko beste jarduera bat ere antolatu du Bagerak. Euskararen egunean, ibilbide girotu bat egingo dute Parte Zaharrean barrena. 19:00etan abiatuko dira Bulebarretik, eta Rekalde tabernan amaituko dute mokadutxo bat eginez. “Euskararen eguna egoki ospatu eta datorren urterako indarberritzeko aukera polita” izango dela esan du Vazquezek.
Jarduera hauek adibide bat besterik ez dira. Donostiaeuskaraz webgunean ikus daiteke egitarau osoa, auzoz auzo egingo diren jarduerak zehaztuta.
Euskararen eguneko ekitaldi instituzionala Tabakaleran egingo du aurten Eusko Jaurlaritzak; 19:00etan.