Ez Dok Amaitu mugimendua abian jarri dute Egian, Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz. Indarrak batu dituzte hainbat sortzailek, gauza berriak programatzeko ausardiak bultzatuta.
Ez Dok Amaitu mugimenduko zenbait kide, larunbatean, Gazteszenan. (Argazkia: L.Ferreira)
Eratze prozesuan dagoen arren, Ez Dok Amaitu mugimendua indartsu dator. Izan ere, euskal artisten bilgune berri honi bultzada bat emateko, hainbat jarduera antolatu zituzten aurreko astean: Mikel Kartonen kontzertua, Amaia Ocaren argazki erakusketa eta Gazteszenako musika jaialdia, besteak beste. Emanaldi horiek guztiak kultur mugimenduaren sorlekuan bertan egin zituzten, hots, Egian; halere, Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa dute. Proiektuaren inguruan hitz egiteko Unai Pelaio
Pelax musikari egiatarrarekin izan da Irutxuloko Hitza.
«Gure sentipena da euskal eszena bi taldeetan banatuta dagoela: alde batetik, sorkuntza etengabean dauden milaka talde, kontzertu pila bat ematen dituztenak, baina ez dutenak lortzen zulo horretatik ateratzea; eta, bestetik, 90. hamarkadatik erreferente izan diren izen eta musika talde berak. Horregatik, faltan botatzen dugu gauza berriak programatzeko ausardia puntu bat», adierazi du Pelaiok.
Ez dok Amaituk, ordea, taldeen sorkuntza eta espresio bide berriei entzun eta ikusi behar zaiela defendatzen du, eta horixe irudikatzen saiatu nahi dute. «Talde ezberdinetako jendea ezagutzen dugu eta denok beti dugu kezka bera: kontzertu bila gabiltzala eta ez dugula ezer aurkitzen. Horretarako, beti ibiltzen gara elkar laguntzen. Beraz, sare hori indartzeko ekimen polita da Ez dok Amaitu». Hortaz, eta garai bateko Ez Dok Amairu mugimenduak bezala, egungo euskal kulturaren alde egiten duten artisten bilgunea izatea espero dute, «taldeak banakoari lagunduko dio eta banakoak talde osoari» filosofiari jarraituz.
Dagoeneko filosofiarekin bat egiten duten musika talde asko gehitu dira mugimendura: Physis Versus Nomos taldeko Beñat Antxustegi uliatarra eta Ategorrietako Liher bakarlaria, tartean. Baina musikarientzako ez ezik, beste arte diziplenetako sortzaileentzako elkargunea ere badela azpimarratu du Pelaiok.
Hain zuzen ere, Amaia Oca irundarraren argazki erakusketa ikusgai jarri dute Egiako Sustrai jatetxean. «Hainbat artisten proposamenak ez ohiko guneetan gauzatu nahi genituen, eta hori da Amaiarekin egin duguna. Erakargarria izan daitekeen toki batean bere argazkiak erakustea».
Hasiberriei laguntza
Physis Versus Nomos taldea Egian jo zuen taldeetako bat izan zen. (Argazkia: L.Ferreira)
Azken batean, Ez Dok Amaitu artista hasiberri edo ezezagunei laguntza eta babesa eskaintzeko jaio da. «Horrelako taldeok gastu pila bat ditugu, eta askotan horrek desmotibaziora garamatza», aitortu du musikariak. Horrenbestez, disko bat argitaratu, grabatu edo horren kontzertua eman nahi izanez gero, Ez Dok Amaituk laguntza eskainiko die artistei. «Hamar urte inguru daramatzagu lanean eta jende eta toki asko ezagutzen ditugu. Baditugu baliabide batzuk, edonori bere proiektua aurrera eramaten laguntzeko», azaldu du egiatarrak.
Hori guztiari aurre egiteko, komunitate bat osatzen badute, ekitaldiak antolatzea errazagoa izango zaiela uste du Pelaiok; hau da, «Ez Dok Amaituren izenean aurkezten bagara, jaramon gehiago egingo digutela uste dugu, eta indar handiagoa izango dugula erraztasunez mugitzeko». Honela, «identifikatua sentitzen den ororena izatea nahi dugu», nabarmendu du Egiakoak.
Gazteszenan larunbatean antolatu zuten musika jaialdia hasiera besterik ez zen izan. «Aurreko asteko ekitaldiek izan zuten harrerarekin pozik gaude. Jotzen egon ginenentzako luxu bat izan zen. Talde ez hain ezagunekin hainbeste jende bildu izana oso ona da. Argi dago artista zein ikusleen aldetik borondatea dagoela, eta Ez Dok Amaituk jarraipena izango du», esan du Pelaiok.
Proiektuan edonork parte har dezake, eta horretarako Facebooken duten orrialdea bisitatu edo
ezdokamaitu@gmail.com posta elektronikora idazteko aukera izango du. «Jende gehiago batu dadin itxaroten ari gara, denon artean dena antolatzeko», adierazi du Pelaiok. Hasiera batean, «lokatzetan» daudenen artisten arteko eztabaidagune bat izatea nahi dute, bakoitzak dituen arazoak aztertu eta horiek konpontzen saiatzeko, «uste baitugu asko dugula egiteko».
Horretarako, lehenengo topaketa bat antolatuko dute laster, ardurak banatu eta proiektuaren norabidea zein izango den denon artean erabakitzeko. Etorkizunean, beste erronka batzuk ere finkatu dituzte: Euskal Herriko musika talde guztiekin datu base bat sortu, eta irrati libre zein musika aretoekin elkarlanean aritu, besteak beste.